Pentsio publiko duinak gaurko eta biharko! lelo hartuta, mobilizazio jendetsua izan da gaur eguerdian Zarautzen. Duela egun gutxi sortutako Urola Kostako pentsiodunen plataformak antolatu du protesta, baina hainbat eragileren atxikimendua jaso dute; feministena, ikasleena eta gazteena, esaterako. Antolatzaileen arabera, mila lagunetik gora izan dira.
Lege Zaharren enparantzatik abiatu da protesta, bestelako pentsio sistema baten aldeko oihu artean. Gipuzkoa Kalea hartu dute ondoren Ertzaintzaren komisaldegi pareraino, eta malekoirako bidea hartu dute jarraian. Hondartzaraino eraman dute aldarria, eta zenbait herritarren babes mezuak ere jaso dituzte txalo artean. Lege Zaharren enparantzarako bidea hartu dute berriz ere, ekitaldi batekin mobilizazioari amaiera emateko.
Pentsio sistema duin baten alde borrokan jarraitzeko konpromisoan berretsi dira, eta hainbat eskaera egin dituzte; besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, KPIren araberako pentsioen berreskurapena, iraunkortasun faktorearen ezabatzea, soldata duinak bermatuta izatea eta generoan oinarritutako soldata arrakala desagertzea.
Argazki bilduma eta bideoa ikusgai daude Zarauzko Hitzaren atarian.