Maiatzean, aretoak leporaino

Karkariñoak 2018ko mai. 25a, 16:00

Benito aldizkariko azalean, beste behin. Disko berria grabatzen ari zela jakin bezain pronto, aldizkarian tarte zabala eskaintzea erabaki genuen. 76 urterekin abestiak egiten jarraitzen du. Sortzen. Kontzertu bikainak eskaintzen. Estudioko grabaketetan, barruraino pasatzen utzi digu. Gero, lan karga handiko egun batez, Salatxo tabernan gurekin luze egoteko astia hartu zuen. Mikelek eta Pakok esan bezala, plazer bat izan duk guretzat ere!

Mendibeltz maitea duela aitortu digu bardoak. Izen bera duen futbol zelaian, hain zuzen, denboraldia bikaina joan da. Orioko futbol elkarteko bi taldek mailaz igotzea lortu dute, ez da makala gero! Tartean, besteak beste, Alguacil bat entrenatzaile. Herriko aguazilek, futboletik kanpokoek, badute nahikoa lan plaza aldean, jendearen zalantzak erantzuten: asteburu honetan, azkenean, itxiko al da plaza ibilgailuentzat? Edo hurrengoan? Azkenean ez?

Udalak herritarrak kultur etxean bildu zituen, gaiari buruzko iritziak jasotzeko. Gutxitan bezala bete zen aretoa, hura saltsa! Iritzi ezberdinak jasota, Udalak bere gain hartu zuen erabakia hartzeko ardura. Gutxitan bezala ere leporaino, Udaleko batzar aretoa, eskola umeen literatur lehiaketan. Haur gehienak lotsatuta, eta gurasoak harro. Zorionak idazle eta marrazkilari gazteei!

Atzo Gabonetan geunden, eta datorren hila ekaina dugu, kolpetik etorri zaigu uda! Kanpinero batzuek barnealdean
pasa beharko dute aurtengoa, eroritako harrien ondorioz. Batzuk udarik gabe eta beste batzuk sarrera faltan. Lasai, badugu erremedioa! KARKARAko Ezetz ezagutu? atal mitikoa errekuperatu dugu, lehiaketatxo bat martxan jartzeko. Argazkiko lagunak nor diren asmatzen duzuenon artean, Akelarreren kontzerturako sarrerak zozketatuko ditugu. Zorte on!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide