Gaur egungo gizarteak gero eta aniztasun handiagoa duela eta gizartea garatzeko "faktore erabakigarrienetako bat" dela iritzita, Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan egitasmoa jarri du abian UKUEk.
Enpresa batean askotariko bizimodu, joera eta ezaugarriak dituzten pertsona eta eragileen arteko interakzioa gero eta ohikoagoa dela uste dute. Aniztasuna nabarmen handitu denez, ezinbestekotzat jo du Udal Elkarteak gaiari heldu eta beste era batera kudeatzeko premia. Enpresa guztien zuzendaritzen eginkizunetako bat dela uste dute, enpresaren tamaina edozein izanda ere.
Aniztasuna egoki kudeatzeak ugaritasuna hobeto baloratu eta diskriminazioak eragindako kostuak murrizteaz gain, sormena eta eraginkortasuna irabaztea dakarrela dio UKUEk.
Egitasmoan parte hartzen duten enpresekin bi lan egingo dituzte. Alde batetik, enpresetan aniztasunaren kudeaketa neurtzeko diagnostikoa osatuko dute, eta ondoren, emaitzen arabera, kudeaketarako plan zehatzak garatuko dituzte; aholkulari aditu baten laguntzarekin. Parte hartzen duten enpresek erakundeetan aniztasunaren kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria jasoko dute.
Aia, Orio, Getaria, Zarautz eta Zumaiako enpresek hartu dezakete parte egitasmoan, enpresaren jarduera edozein izanda ere.
Maiatzaren 15a izango da izena emateko azken eguna, UKUEren Zarauzko egoitzan edo 943 89 08 08 telefono zenbakira deituta.