"Oriotarrei Pro Zarautz Surf txapelketara etortzeko gonbita luzatzen diet"

Ainara Lasa 2018ko api. 4a, 17:03

Gaur hasi da Pro Zarautz Nazioarteko Surf Txapelketa eta oriotarrek badute zeresanik ekitaldi horren antolakuntzan. Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko presidentea da eta txapelketaz hitz egin digu.

Egitarau zabala antolatu du Federazioak gaur hasi eta 8an, igandean, amaituko den Pro Zarautz 2018 edizio honetarako.

Egitarauak surfa eta kultura uztartzen ditu. Garrantzitsuena, noski, nazioarteko surf txapelketa bera da: 21 herrialdetako neska-mutil surflari izango ditugu aurten. Zarauzko hondartza nazioarte mailan oso plaza ospetsua da. Horrez gain, surf kultura sustatzeko egitarau zabala antolatu dugu, hala nola, moda desfileak, artea, esku-lan tailerrak, Polinesiako dantzak eta beste hainbat herrialdetakoak ...

Surflarientzat ongietorri berezia antolatu duzue gaur arratsalderako, ezta?

Bai. Ongietorri sentsorial bat egingo dugu. Pro Zarautz-en berezko lurringai edo perfume bat sortu dugu, kirol egokituari keinu bat egite aldera. Hau da, norbaitek ikusmen arazoak baditu eta txapelketa ezin badu ikusi, usaien bitartez txapelketak sentipen bereziak eragitea da asmoa. Egitasmo honetan bidelagun izan dugu Aitor Francesena 'Gallo' surflari zarauztarra. Ongi etorri berezi hau Zarauzko Golf Klub-ean egingo da gaur, asteazkena, hilak 4, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Proiekzioak eta moda desfilea ere egingo dira bertan. Plazak mugatuak dira, eta sarrerak salgai daude Zarauzko Turismo Bulegoan, txapelketako informazio puntuan eta baita Golf-eko harreran bertan ere.

Feder-Arte Jaialdia ere izango da ikusgai asteburuan. Ezbairik gabe, oriotarrei ere bertaratzeko aukera ederra eskaintzen du Pro Zarautz 2018 Txapelketak.

Zalantzarik gabe. Punta-puntako musika taldeak izango dira ikusgai Feder-Arte Jaialdiaren baitan. Mundu mailako txapelketa da, eta Orio ondoan izanik, aukera paregabea dute oriotarrek antolatutako ekitaldi guztiez gozatzeko. Gainera, 150 surflarik hartzen dute parte, horietatik 40 emakumeak, eta 150 horietatik, gipuzkoarrak %20 dira. Hortaz, bertako surflariek gure babesa eta animoak merezi dituztela uste dut. Haiek ere eskertuko dute gipuzkoarron eta euskaldunon laguntza.

Gipuzkoako Surf Federazioan ere bada oriotarrik ez?

Federazioa zazpi pertsonek osatzen dugu eta lau, oriotarrak gara. Zuzendaritza Batzarrean Mikel Atxega eta biok gaude, Andoni Fernandezek Olatu Handien Batzordea kudeatzen du, baita segurtasun ikastaroen koordinazioa eraman ere. Eta Shua Larrañaga Federazioko idazkaria da. Orioko Arraunetxeari eta Udalari eskerrak eman nahi dizkiegu, erraztasunak eman baitizkigute surfeko teknifikazioan urratsak emateko, emakumeen surf programak garatzeko eta beste hainbat proiektu gauzatzeko. Zentzu horretan Federazioa estu lotuta dago Oriorekin.

Iaz Gipuzkoako Surf Federazioko lehenengo Stand Up Paddle txapelketa hartu zuen Oriok. Aurten ere errepikatzeko asmorik?

Errepikatzeaz gain, urriaren 6an Euskal Herriko Stand Up Paddle finala ekarriko dugu Oriora, gure herrian azpiegitura ezin hobeak daudelako horretarako. Federazioan gauden oriotarren inplikazioz, lortu dugu final hori gurera ekartzea.

PRO ZARAUTZ 2018, EGITARAUA:

Apirilak 4, asteazkena:

-09:00: Yoga

-12:00: Hasiera

-19:30: Zarauzko Golf Kluba. Ongietorri sensoriala

-20:00: Proiekzioak: QS 2017, Sew N'Sing, Kionita laburmetraia

-20:45: Fashion Show: Kutxa Kultur Moda & Kissing Room

-21:45: DJ Iban Mato

 

Apirilak 5, osteguna:

-09:00: Yoga

-10:00: Emakumea Surflari

-11:30: Hamaiketako osasuntsua

-18:00: Zumba, Polinesiako Dantzak (euria bada, Merkatu Plazan)

-19:30: QS Pintxopotea (Euskalduna, Itxaski, Joe, Iruña eta Kulixka tabernetan)

-22:30: Festa (Bederen, Beraetxe eta Marmol tabernetan)

 

Apirilak 6, ostirala:

-09:00: Yoga

-10:00: Emakumea Surflari

-11:30: Hamaiketako osasuntsua

-12:00: Carver (testing)

-17:00: Kanpai, dantza garaikidea

-17:50: Carver skate + Oakley

-18:00: DJ Kutxabank (Munoa plaza)

-21:15: DJ Junaited

-21:45: High Felicity

-23:00: Willis Drummond

-02:00: Festa. DJ Larga (Bederen), DJ Vila (Beraetxe), DJ Rubio (Marmol)

 

Apirilak 7, larunbata:

-11:00: FederArte Market

-12:00: Herri kirolak

-17:00: Desfileak. Skate Park. Kahi +Maitane (euria bada, Merkatu Plazan)

-17:30: BMX

-18:00: DJ Kutxabank (Munoa plaza)

-21:45: Nerabe

-23:00: Delorean

-00:00: DJ Txef A

 

Apirilak 8, igandea:

-11:00: FederArte Market

-12:00: Kalefit

-17:00: Sari banaketa

-18:00: DJ Kutxabank

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide