Hondakin bilketa sistema berria

Hondakin bilketa mankomunatua

Karkara 2017ko aza. 29a, 10:19

Hondakinak gaika biltzeko sistema berria abiatuko dute 2018ko otsailean. Etxebizitza bakoitzak txartel magnetiko bana jasoko du, zaborra eta organikoa sailkatu ahal izateko. 2020rako birziklapen tasa %40tik %75era igotzea da helburua.

Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko du 2018tik aurrera Aiako, Orioko, Getariako, Zarauzko eta Zumaiako hondakinen bilketa. 2016ko abenduan onartu zuten zabor bilketa mankomunatzeko akordioa eta, urtebete inguruko lanketaren ostean, martxan jartzera doa sistema berria. Serbitzu eta FCC enpresek osatutako UTEak irabazi zuen lehiaketa eta zerbitzuaren esleipena 2.797.252,36 eurotan egin da.

Birziklatze tasa igotzea helburu

Urola Kostako birziklatze tasa %45ean dago orain, baina Orioko eta Aiako datuak hartuz gero jaitsi egiten da portzentajea. Orion, 2016an, 2.349.292 kilo hondakin bildu ziren, eta horietatik  %40a birziklatu zen. Aian, bildutako 953.786 kilo hondakinetik, %26a birziklatu zen. Gaur egun, %25ean dago Aiako tasa eta %39an Oriokoa.

Hondakinak gaika bereiztu eta sailkatzea herritar ororentzat betebehar bat dela dio akordioak. Horregatik, bilketa sistema berriaren helburua gaikako bilketa tasa handitzea eta errefusarena txikitzea da. Lehenengo urtean %60ko birziklatze indizea lortzea da helburua. 2019an tasa hori %70era igo nahi dute, eta %75era 2020an.

Aipaturikoak gutxieneko helburuak direla dio akordioak. Izan ere, helburua ahalik eta jasotze tasa handiena lortzea da, kontuan izanik beste zenbait eskualdetan %80era iritsi direla gisa bereko sistemak erabiliz. Aipaturiko portzentajeak lortzen ez badira, neurri zuzentzaileak har ditzake Udal Elkarteak: errefusaren edukiontziaren irekiera denboran mugatzea, edukiontzien erabiltzaile kopurua mugatzea.

Hiru multzotan

Hiru adarretan banatuko da hondakinen bilketa: etxeko hondakinak, komertzioa eta ostalaritza eta, azkenik, enpresak.

Etxeko hondakinak bost edukiontzi bidez jasoko dira, orain arte bezala: errefusa, organikoa, papera-kartoia, ontzi arinak eta beira. Aldaketa bakarra errefusa eta organikoaren edukiontziek erabilera mugatua izango dutela da, hau da, txip bidez irekiko dira. Etxebizitza bakoitzak bere txartela jasoko du eta txartel hori edukiontzi zehatz bati lotua egongo da. Edukiontzi horiek 24 orduz egongo dira erabilgarri, egunero. Gainerako edukiontziak irekiak izango dira, ez da txartelik beharko horiek irekitzeko.

Landa eremuan, zenbait gunetan errefusa edukiontziak daude orain. Sistema berriarekin guneak osatuko dira eta zabor bilketa zentralizatuko da gune horietan. Horrela, landa eremuan ere gaikako bilketa egingo da.

Komertzio eta ostalaritzan, puntuz puntuko bilketa zerbitzua eskainiko zaie sortzaile handi eta ertainei. Organikoa, papera-kartoia eta errefusa izango dira puntuz puntu bilduko diren hondakinak. Astean 7 egunez emango zaie zerbitzua ostalariei eta 6 egunez merkatariei.

Azkenik, industrialdeetan puntuz puntu bilduko dira enpresen hondakinak: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, papera-kartoia eta plastiko filma/poliespana. Jantokia duten enpresei hondakin organikoen sortzaile handien puntuz puntuko bilketa aplikatuko zaie. Zarauzko Abendaño industriagunean horrela egiten dute gaur egun eta eskualde osora zabalduko dute.

Bilketa puntuak eta edukiontziak

Kaleko hondakin bilketak 239 bilketa puntu izango ditu eskualde osoan. Horietatik 14 Aian egongo dira eta 38 Orion. Edukiontziak albo kargakoak izango dira, eskuineko aldetik. Bilketa sistema efizienteagoa da sistema horrekin, kamioi gidari bakarrak egin dezake bilketa.

Gaur egun dauden guneak albo kargako sistemara egokitu behar dituzte Udalek. Orion, lurrazpiko zenbait gune kendu eta lurgainera pasako dira eta beste batzuk, lurpekoak izaten jarraituko dutea eta karga lateralera egokituko dira. Hondartzan, Antilla 16 eraikinaren aurreko gunean, proba egingo dute lehenbizi. Ondoren, aldaketaren koste erreala zein den ikusita, gune gehiago egokituko dituzte. Aian lurrazpiko hiru gune kendu eta lurgainera pasako dituzte.

Komertzio eta ostalaritzako puntuz puntuko bilketarik ez da izango Aian. Merkatari eta ostalari kopurua txikia denez, kaleko bilketa sistema erabiliko dute. Orion, berriz, 45 puntutan jasoko da biohondakina eta errefusa eta 50 puntutan papera eta kartoia.

Enpresetan, bakoitzak sortzen duenaren arabera egingo da bilketa. Aian, inerteak jasotzeko 52 puntu izango dira, kartoia jasotzeko 42, egurra jasotzeko 2 puntu, ontzi arinak jasotzeko 9, filma jasotzeko 17 eta biohondakina eta poliespana jasotzeko puntu bana. Orion, berriz, kartoia jasotzeko 3 puntu izango dira, inerteak, egurra eta filma jasotzeko bina puntu eta ontzi arinak jasotzeko bat. Poliespana eta biohondakina jasotzeko punturik ez da izango Orion.

Martxan jartzeko faseak

Bilketa eta sailkatze tasa igotzeko helburuak betetzeko herritarren sentsibilizazioa oso garrantzitsua da. Horregatik, bilketa sistema berria jarri aurretik komunikazio kanpaina bat egiten ari da Urola Kostako Udal Elkartea. Lau fase ditu kanpaina honek. Azaroan zehar sentsibilizazio kanpaina egiten ari da Udal Elkartea. Herritarrei sistema berria ezagutaraztea dute helburu fase honetan, 2018tik aurrera aldaketa izango dela jakinaraztea. 

Bigarren fasea, informazio fasea, abenduaren 1ean hasiko dute. Fase horretan sistema berriaren funtzionamenduaz informatuko dituzte herritarrak. Herriz herri bilerak eta aurkezpenak egingo dituzte jendaurrean. Ostalari eta merkatari elkarteekin ere bilduko dira. Horrez gain, eskuorriak banatuko dituzte etxez etxe, sistema berriaren inguruko informazioarekin.

Urtarrilean ezapren fasearekin hasiko dira. Hilabete hasieran edukiontziak irekitzeko txartelak eta etxebizitza bakoitzari dagokion edukiontziaren inguruko informazioa jasoko dituzte etxean herritarrek. Horrez gain, herri guztietako udaletxeetan bulego bana jarriko du Udal Elkarteak, zalantzak argitzeko eta informazioa emateko. 

Urtarrila amaieran errefusaren eta organkoaern edukiontziak aldatzen hasiko dira eta otsailaren 1ean herri guztietan martxan izango da bilketa sistema berria.

Otsailetik aurrera laugarren fasean sartuko dira: jarraipen fasean. Bildutako hondakinen datuak hilero jaso eta zabalduko dituzte. Horrez gain, lan talde politiko eta tekniko bat sortu dute sistemaren jarraipena egiteko eta horren inguruko gaiak lantzeko. Bost udaletako teknikariak eta talde politikoetako ordezkariek osatuko dute lan mahaia.

Inbertsioak eta tasak

Sistema berria martxan jartzeko urteroko inbertsioa 497.519,82 eurokoa izango da sei urtean. Kamioi flota berria osatuko dute sei urtetan eta edukiontzi guneak eta pisaketa sistemak egokitu beharko dira, besteak beste. Inbertsio horiek epe luzekoak izango dira, hau da, kontratuaren 6 urteak pasa eta berri bat egiten denean oraindik erabilgarri egongo dira kamioi eta edukiontzi horiek. Kontratu berria egitean, beraz, inbertsioa txikiagoa izatea aurreikusten dute.

Etxebizitzek eta puntuz puntuko bilketa zerbitzua jasotzen duten ostalari eta merkatariek tasa finkoak ordainduko dituzte urtean zehar. Onartuta eta jendaurrean daude dagoeneko eta, alegaziorik jaso ezean, indarrean sartuko dira urtarrilaren 1etik aurrera. Orain ordaintzen direnekiko aldaketak izango dira tasetan, baina Aian eta Orion ez dira oso nabarmenak izango.

Enpresek, aldiz, tasa pertsonalizatuak izango dituzte, hiru zatitan banatuta: enpresen azalera, edukiontzien alokairua eta hondakinen bilketa. Sortzen dutenaren araberako bilketa egingo da eta jasotzen denaren arabera kobratuko zaie. Aurrera begira, sortzen denaren araberako ordainketa sistema puntuz puntuko bilketa gune guztietara zabaldu nahi du Udal Elkarteak. Tasen kobraketa, bost herrietakoa, Udal Elkartetik bideratuko da.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide