Udazken haizeak

Karkara 2017ko aza. 1a, 10:55

Sokari tiraka

A. Arregi

Udazken haizeak Udazkenak melankonia kolpe izugarria eman dit, laguna. Ilargia, hego haizea, edadia, auskalo zein izan den eragile. Seme zaharrenari iritsi zaio eskola kirolean hasteko garaia eta neuk bizi izandakoak etorri zaizkit gogora. Aiako eskolan taldea ateratzeko nahiko lagun ez eta Zaraguetako lagunekin atera ohi genuen taldea: Ionpa, Fernando, JoxeMari, Iosu, Iker, Inigo...

Larunbat zoragarriak niretzat, Zarauzko hondartza edo Zaraguetako frontoia, Maracaná edo Artaleku bihurtzen ziren niretzat, Orioko eta Zarauzko ikastolak, La Salle, Antoniano, oe, oe,oe!!

Ekirekin, ordea,ilusioa baino kezka handiagoa dut barrenean. Ez da umearekiko kezka, badakit ongi eta gaizki pasako duela, irabazi eta galtzen, lehiatzen ikasiz. Nigan ditut kezkak, gai izango ote naiz haurrak jokatzen ikusteko, lasai, patxadaz, inor epaitu edo kritikatu gabe?

Dena errazagoa zen, burua altxatu, Iker bakarrik zela ikusi eta baloia hari pasatzean, gooool!

 

E. Balerdi

Udazkenak urtero dakar haizea hegotik, edo errekatik diote beste zenbaitek, eta hark berarekin lehorra, gorria eta ximela. Zuri ere eragin dizu orduan?

Aldartea gora eta behera –emozionalki zoro– garai hauetako haizeari zoro haize ere deitzen zaio eta bada andra haize deitzen dionik ere. Zenbaitek emakumeei egozten baitizkiete emozioak edota emozio-keriak, baina hara zu, gizon, emozioen dantzan pausoak txukun emateko kezkatan.

Iñaki Kasaresi guraso.eus ataraian idatzitako artikulutik hartutakoa da honakoa: gizakiok pasa gara ‘animalia arrazional’ izatetik, ‘emozioak dituen animalia arrazionala’ izatera eta, hemendik, azken urteotan, ‘pentsatzen ere duen izaki emozionala’ izatera.

Zu, agian, futbolean zebilen aimalia izango zinen eta gaur egun, aldiz, pentsatzen ere duen aita emozionala. Bada, lasai, lagun, eta Iñakik bere idatzian bezala nik ere bera gomendioa: har ezazu astia, andrearekin batera, semearekin egoteko, eta ikusiz ikasiko du animalia-kerietatik emozio-keriatara igarotzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide