Gaur eman diote hasiera sanferminei Iruñean, eta ohiturari jarraituz bihar, ostirala, goiz-eguerdi partean zuri-gorriz jantzi eta San Fermin Txikia ospatuko dute Aian eta Orion, udaleku irekietako haurrek.
Aian, 11:00ak inguruan udaleko langile batek suziria botako du plazan, eta Iturri kalean barrena entzierroa egingo dute haurrek. Ondoren, trikitilariekin kalejira egingo dute herrigunean zehar, balkoietatik ura botatzeko eskatuz. Dena dela, dagoeneko San Fermin Jaietako giroan murgilduta daude aiarrak, azken egunetan karetak margotzen eta kartoizko zezen-buruak egiten aritu baitira udaleku irekietan parte hartzen ari diren umeak.
Orion, bihar margotuko dituzte haurrek zezen karetak, nagusiagoek herri kiroletan parte hartzen duten bitartean. Ondoren, 11:45an inguruan entzierro txikia egingo dute Ikastolako eraikin berriaren inguruan.