Euskarazko komunikabide berri bat jaio da

TOKIKOM 2017ko mar. 28a, 12:10

Gurean.eusek TOKIKOM osatzen duten 60 toki komunikabideen edizio digitaletako edukiak batu eta gaika antolatuta eskaintzen ditu.

Euskaraz pentsatu, sentitu eta bizi zara, Gurean zara. Horrela aurkezten da Gurean.eus, euskal errealitate lokalaren leiho globala izatea helburu duen hedabide berria.

Gurean.eus. TOKIKOM osatzen duten 60 komunikabideen edizio digitalek sortutako albiste guztiak bateratzen ditu, komunikabide jeneralisten ohiko sailetan antolatuta: gizartea, ekonomia, kultura, kirolak, politika, ekitaldiak, euskara....

Gainera, sarean dagoen elkarlanerako gune irekia ere izan nahi du, gai berberaren gainean hainbat komunikabidek sortutako kronika eta analisiei zein TOKIKOM osatzen duten komunikabideen 250.000 ohiko irakurle eta erabiltzaileen iritzi eta aportazioei esker.

Gurean.eus sarerako pentsatutako komunikabidea da, bereziki mugikorretatik kontsultatua izateko, nahiz eta tablet edo pc bidez irakurtzeko ere prestatuta dagoen. Gure artean informazio lokala emateko orduan aurki dezakegun hutsune garrantzitsua betetzera dator.

Gure mundua, bisioa eta ideiak handiago egin nahi ditugu, guztion artean integratzaileagoa eta hobeto informatua den oraina eraikitzeko —azaldu du TOKIKOMeko Zuzendariak, Alaitz Artolazabalek—. Abiapuntua sinplea da: TOKIKOMeko toki komunikabideen sareak informazio kopuru erraldoiak sortzen ditu egunero, beste inongo mediok eskaini ezin dezakeen kapilaritate mailaz gainera. Gurean-eus-en atzean dagoen ideia da herriz herri, auzoz auzo sortutako eduki hori guztia batu eta erakusleiho berri batean ematea, tokiaren arabera baino, gaiaren arabera ordenatuta. Horrela, egunerokotasunaren ikuspegi guztiz ezberdina erakutsi ahal izango diogu publikoari, gertutasunean oinarrituta, ohiko medioen agendatik kanpo geratzen diren gaiak azaleratuz.

Gureani esker —dio Artolazabalek— hainbat komunikabidetan sortzen diren albisteak eta haien tratamendua ia momentuan jarraitzea ahalbidetzen digun tresna boteretsua daukagu,   zeharka, nolakoak garen, nola pentsatzen eta sentitzen dugun ere erakutsiko diguna.

Gurean.eus aktibo dago jada eta bazkideak diren komunikabideetako zein TOKIKOMekin erlazioa duten hainbat webgunetatik ere sartzeko aukera egotea aurreikusten da, horretarako sortutako widget batzuen bitartez. Informazio hori, gainera, bere webgunean gehitu nahi duen beste edonorentzat ere eskuragarri dago, https://gurean.eus/info/widget/ orrialdeak eskaintzen dituen aukeren bidez.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide