Ordu txikitan pasako da 20. Korrika Oriotik

Karkara 2017ko urt. 10a, 09:00

Apirilaren 5ean iritsiko da 20. Korrika Oriora Usurbil aldetik.

BatZuk lelopean, 20. Korrikaren nondik norakoa, herriz herri, aurkeztu berri du AEKk: martxoaren 20an hasiko da Otxandion eta Nafarroa aldera egingo du handik. Erriberako lurretatik pasata, iparraldera joko du Erronkari eta Zaraitzuko ibarretan barna ibiltzeko. Donibane Garazi eta Baionatik ere igaroko da apirilaren 2an. Mauletik pasa eta Gipuzkoako kostaldera abiatuko da ondoren.

Apirilaren 5ean Orion

Apirilaren 5ean egingo diogu ongi-etorria Orion, ordu txikitan. 00:45ak inguruan pasako dela aurreikusi dute antolatzaileek. Zarautz aldera joko du gero; Xuaiko aldapa igotzea tokatuko zaigu horrenbestez beste behin ere. Lekukoa eskuz esku pasaz, atsedenik gabe, jarraituko du Korrikak apirilaren 9a arte. Iruñeako kaleetan zehar egingo ditu 20. edizioak azken kilometroak.

Laguntzeko aukera

Hainbat dira Korrika laguntzeko moduak:

  • Kilometroa erostea: ibilbideko kilometro bat erostean datza, 400 inguru euroren truke. 10-11 kilometro hartu ohi ditu Oriok, Mapilletik Zudugarai gaineraino. Urtarrilaren 23tik aurrera hasiko da kilometroen erreserba.
  • Korrikako materiala erostea: euskaltegiak jarriko dituen kaleko postuetan, Donostiako Bretxa merkataritza guneko lokalean edo on-line dendan eros daiteke.
  • Korrika laguntzailea izatea: 12 euroren truke, korrika lagun egin daiteke norbanako oro. Orioko euskaltegian izena eman eta bertan jasoko du ordainetan pina hala nahi duenak.

Batzordea laster

Oriotik pasako den zatia ondo antolatzeko batzordea deitzekotan da Orioko AEK. Aste honetan bertan zehaztuko dute noiz izango den bilera ireki hori. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide