Kanpoko ekarpenez gain, Tokikomek berak bi zerbitzu berri aurkeztu ditu jardunaldiotan...
Bai; alde batetik, publizitatea on line egiteko Tokikom Kanal Digitala aurkeztu dugu. Tokikomeko bazkideen 22 webguneetako publizitatea kudeatzeko sistema bateratu dugu, eta horrela, iragarleei begira, agerkari guztiak bakarra balira bezala eskaini ditzakegu. Klik pare bat nahiko dira iragarki bat Euskal Herri osoko 22 webgunetan batera jartzeko, adibidez, edo haietako zenbaitetan bakarrik. Gainera, horrek eraman gaitu denok tarifa eta formatu berekin lan egitera. Horrela, medio bakoitzak publizitatea bere webgunean ez ezik, sareko besteetan ere eskaini dezake: Durangaldeko astekariko komertzialak Bizkai osoko agerkarietan sal dezake, edota Euskal Herriko beste edozeinetan.
Bitxia izan da Tokikom Kanal Digitalaren aurkezpena kataluniar batek egin izana...
Kanalaren diseinua eta inplementazio teknikoa Bartzelonako OnlyMediaWeb enpresaren eskutik egin dugu. Adituak dira on line marketinean, eta Tokikom ezagutu zuten lehen unetik oso argi ikusi zuten bat eginda dugun potentziala: 22 webgune, 250.000 bisitari eta 1.500.000 bisitatik gora hilero, 41.000 jarraitzaile Facebooken, 36.000 Twitterren... Euskaraz ez dago bolumen horretan mugitzen den beste kanalik Interneten. Ez diogu guk, gainera. Alor horretan aditua den kanpoko enpresa baten iritzia da!
Eta Gurenews?
Vicomtech-IK4rekin batera garatzen ari garen sistema bat da, albisteak eta multimedia materiala
automatikoki etiketatzeko. Erredaktore batek albiste bat idazten duenean, sistemak automatikoki aurkituko ditu testuan agertzen diren izen propioak, entitateak eta lekuak, eta horiei buruzko fitxa laburra erakutsiko dio kazetariari, haien inguruan dagoeneko argitaratu den guztiaren historiarekin batera. Oso tresna ahaltsua da, asko errazten duelako albiste jakin baten inguruko testuingurua jasotzea, eta irakurleari askoz ere informazio osatuagoa eskaintzea.
Nola baloratzen dituzue berrikuntza hauek?
Kasu biek oso argi erakusten dute zein den Tokikomen bidea: toki komunikabideek bakarka eta
haien txikitasunean lortu ezin dezaketena, denon indarrak batuta egingarri bihurtzen da. Bi adibide baino ez dira, baina badugu beste mordoxka bat datozen hilabeteotarako.