Nola antolatu behar da erredakzio bat eraginkorra izateko?
Erredakzioen berrantolaketari ekiten diotenean, medioek alde materialean jartzen dute arreta berezia, baina ez hainbeste giza faktoreari dagokionez. Edizio mahai zentraletan inbertitzen dute, ekipo digitalak berritzean, edukien kudeaketa sistemetan... baina sarritan gakoa kazetariengan dagoela ahazten dute. Euren kualifikazioan eta motibazioan. 1 Formulako ibilgailu batek ez du inoiz piloturik gabe lasterketarik irabazi. Kazetaritzan berdin gertatzen da, nahiz eta kazetaritzako enpresak askotan ahaztu egiten duten. Erakunde batek funtzionatzeko gakoa beti da giza faktorea.
Nolakoa izan behar du edukiak prestatzeko jarioak, tokiko hedabideen kasuan taldeak txikiak izaten direla kontuan hartuta?
Ez dago hedabide guztiendako balio duen errezeta bakarrik. Azken urteetan, mundu osoko hedabideen transformazioak zerbait erakutsi badigu, nork bere bidea aurkitu behar duela da. The New York Times-en funtzionatzen duenak ia ziur ez duela balio BBC-rendako, eta bi medio erraldoi horiek aurkitu dituzten konponbideak ezin izango dira tokiko komunikabide baten aplikatu. Aro digitalean, tokiko hedabideek euren indar nagusia ustiatzen saiatu behar dute: eskualde bateko herritarrenganako gertutasuna, eta interesatzen zaien informazio gaien ezagutza. Hortik abiatuta, tokiko hedabide batek lehiatzeko abantaila hori hoberen aprobetxatuko duen eredu editoriala eraiki behar du.
Gaur egun nola berrantolatu behar dute kazetariek euren burua?
Kazetari digitala esamoldean, kazetari da izena eta digitala adjektiboa. Gramatikak azaltzen du adjektiboak izena osatzen duela, eta ez alderantziz. Kazetariek, teknologia digitala hobetzeko errekurtso bat bezala ulertu behar dutela uste dut, euren lanbideko oinarri klasikoak ahaztu barik. Kazetaritza berrasmatzeko gakoa, nire ustez, moldaerraztasuna teknologia berriekin eta balore profesionalen sendotasunarekin uztartzea da.