Landa eremu biziaren atari digitala

Karkara 2016ko urr. 25a, 09:48

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Urkomek, Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteak, webgunea berritu du. Atzo aurkeztu zuen jendaurrean, Urola  Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Iaz, 2015. urtean, 116.000 bisitari izan zituen Urkomeren webguneak. Datu horiek ikusita, eta sarean egotea ezinbestekoa dela iritzita, webgunea berritzeko eta txukuntzeko beharra ikusi zuten Urkomeko kideek.

Landa eremu biziaren isla izan nahi du webguneak. Landa eremuan bizi diren herritarrei zerbitzua eskaintzeko sortu zen webgunea eta zeregin horrekin jarraitu nahi dute. Lan horretan, webgune biziago eta erakargarriago bat edukitzea lagungarria izango da, izan ere, aldaketa horiek erabiltzailearen ikuspegitik egin dira. 

Kontuan hartuta geroz eta erabiltzaile gehiago sartzen direla mugikorretatik eta tabletetatik, berak ere gailu horietatik sartzen direnei egokitutako webgunea egin dute. Ahalik eta erabilterrazena eta ulerterrazena egiten saiatu dira.

Sarean webgunearen bidez ez ezik, sare sozialetan ere izango da aurrerantzean Urkome. Facebook eta Twitter kontuak elikatzeaz gain, YouTubeko kanalera ikus-entzunezkoak ere igoko dituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide