Kalabaza gehiegi

Olatz Artola 2016ko mai. 2a, 08:00

Sekula ez dizkidate Orion bezain beste kalabaza eman. Barra-barra jaso ditut ezezkoak, baina Orion adina ezetzik, inon ez.

Bakarrizketan amaitu dut sarritan. Haritik tiraka, elkarrizketa nola luzatu ez dakidala ibili naiz maiz, baiezkoa emango zidanaren esperantzarekin. Beste batzuetan, ezezkoa jasoko
nuenaren jakitun, erantzuteko beta ere ez dut eman. Askotan inozo hutsa izan naiz, baietz esango zidala uste eta, usteak erdia ustel, kaka putza.

Jaso ditut ezezko lehorrak, hotzak, xamurrak, goxotasunez esandakoak... Baina ezetz, harro edo ahos-ñarroz esanda, beti da entzuteko deserosoa, belarrirako hots gogorra.

Gerturatu eta hitz egiten hasi ahala eskapo egin dute askok. Foniatrarena edo logopedarena joatekotan izan naiz, akaso ahots grabe honen errua baita. Igual hori da kalabazak ez jasotzeko sendabidea.

Niri goxo-goxo bizkarra emateko erremedioa beren laguna nigana arrimatzea da askorentzat. Beren izena esan baino lehen gertuen duten laguna aurkezten didate. Ri-rau batean fardela lagunari pasatzen diote.

Eta horrela ibiltzen naiz, ezezkotik ezezkora. Konfiantza galtzen hasia naiz dagoeneko, eta hori, 25. herrian galdezka besterik ez ditudala egin.

Zuek zarete nigan konfiantza berreskuratzeko sendagaia, kalabazak ez jasotzeko sendabidea. Esker mila batzuren batzuk konfiantza izan eta hilero gure galdera erantzuteagatik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide