Hazilan proiektuaren bigarren edizioa martxan jarri du Udal Elkarteak

Karkara 2016ko api. 19a, 12:40

Apirilaren 26an jardunaldia egingo dute interesa duenari xehetasunak azaltzeko

Hazilan proiektuaren bigarren deialdia egin du Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektu horren helburua gazteei gaur egun beharrezkoak diren trebetasunak bereganatzen laguntzea eta enpresek dituzten beharrei erantzutea da. Esperientzian oinarritutako ikaskuntza jasoko dute programan parte hartzen dutenek.

25-30 urte bitarteko gazteei eta goi mailako ikasketak dituztenei zuzendua dago Hazilan programa. Langabezian dauden pertsonek edo lanean daudenek –gehienez asteko 20 orduko kontratua badute– parte har dezakete bertan.

Konpetentzia pertsonalak eta profesionalak landuko dituzte: proaktibitatea, norbere buruarekiko konfiantza, talde lana... Bi fase izango ditu programak, aktibatu eta laneratze baliabideak. Aktibatu fasean zeharkako konpetentziak landuko dituzte modu praktikoan. Maiatzaren 23tik uztailaren 14ra bitartean izango da lehen fase hori, astelehenetik ostegunera, 9:30etik 13:30era.

Bigarren urratsa irailetik abendura izango da. Laneratze baliabideen fasean laneratzeko aukera eta bideak aztertuko dituzte parte-hartzaile bakoitzarekin

Izen ematea apirilaren 25etik maiatzaren 6ra bitartean izango da eta bi modutan egin daiteke: Udal Elkarteko egoitzan bertan edo esaera orria lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera bidalita. Apirilaren 26an informazio saioa egingo dute interesa dutenentzat. 10:00etatik 11:00etara izango da Udal Elkartearen egoitzan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide