Gure herria Aia, batzuentzat hain txikia den zerbait, guretzat ze handi izan daitekeen ere ez dago sinisterik, ez al da horrela Olatz? Aia herriz txikia baina eremuz zabala dela argi dakigu. Herri txiki hau inguruko auzo eta bizitokien erreferentzia izan da urteetan zehar. Orain dela ez asko txikia, baina urte gutxitan gorakada izan duen herria da Aia. Auzoetatik eta inguruko herrietatik jende asko etorri da bizitzera; Andatzako eskola itxi dute, umeen jaiotza tasa igo eta kanpoko herrietatik etorri diren familien ondorioz; eskola ere txikia gelditu zaigu! Guk ez dugu ohitura handirik auzoetara mugitzeko; auzokoek, ordea, herrira gerturatu behar izan duzue: erosketak, medikua, etab. Horren ondorioz auzo eta herritarren lotura indartu egin da. Zer diozu zuk Olatz?
Baina esan beharra dago, denok izan dugula bestearen beharra. Gogoratzen al zara gazteagoak ginenean Zarautza edo Oriora joateko ere elkarren beharra izaten genuela? A ze joan etorri mordoa egin duten gure gurasoek! Entrenamendura joateko, parrandara joateko...
Herri txikian bizitzeak eta zuek ere auzoan bizitzeak elkarrekin kontatu behar izatera eraman gintuen; autobusek ere ez ziguten kointziditzen... a zer nolako buruhausteak! Hortik gure harremanaren gakoa: herriko eta auzokook elkarren beharra izatea.
Horrela da, bai, Olatz; batzuentzat ezer ez dagoen lekuak zenbat bete gaituen sinisterik ere ez dago. Bai, Aiako kaskora joateko beharra askotan izan dugula aitortu beharra dut... baina zuek ere, zer egingo zenukete San Pedro bezalako auzo baten faltan? Oraindik oso presente daukat errekara bainatzera amorratzen jaisten zineten momentua edo herriko frontoia okupatuta dagoenean nora jaisten zarete? Ai... gure auzo txiki honek ere zenbat gauza ematen dizkigun... Errekako momentuak, mendi inguruetako ibilaldi ugariak, igandetako erromeriko bueltak... non hobeto San Pedro bezalako auzo txiki batean baino? Orain konturatzen naiz herritik aparte ere gure auzoak dituen onuretaz.
Eta bai, honi guztiari esker gurea bezalako harreman ugari sendotu dira; herriaren eta auzoaren arteko kontaktua beharrezkoa izan da eta aurrerantzean ere horrela izatea polita izango litzateke, ez al duzu uste? Oraindik ere kotxea konpartitzen jarraitzen dugu, hau da, oraindik ere elkarrekin kontatu behar izaten dugu. Zeinen polita herri eta auzoen arteko kontaktua!
Aurrerantzean ere horrela jarrai dezagun, eta bakearen alde, aitortuko dizut zu bezala herrian bizitzea ere erosoa izango zela. Ez pentsa inbidiarik ematen ez didazunik, baina jakin ezazu gure auzo txikia ez nukeela ezergatik ere aldatuko!