Ailegatu dira Errigorako saskiak Karkarako bulegora

Karkara 2015ko aza. 25a, 12:00

Errigorako saskietako bat

Erriberako produktu-sorta Karkara bidez eskatu duenak gure bulegoan jaso dezake dagokion saskia

Fruituak ematen hasi da Errigora ekimenaren udazkeneko kanpaina aurtengoan ere. Karkarak aurreneko aldiz hartu du parte proiektu honen zabalkundean eta urriaren 21etik azaroaren 8a arte aiarren eta oriotarren eskariak jaso ondoren, hemen dira dagoeneko Errigorako saskiak. Guztira 8 saski jaso ditugu, Karkararen bitartez Nafarroako Erriberako ekimena babestu nahi izan duten horientzako.

Erriberako euskara proiektuak laguntzea ahalbidetzen du alde batetik Errigorak. Lodosako eta Vianako ikastolen biziraupena bermatzea, Erriberako AEKri hauspoa ematea eta Nafarroa osora hezkuntzako D eredua zabaltzeko ekimenetan laguntzea ditu helburu hain zuzen ere aurten.

Horrez gain, Erriberako uzta jendartera zabaltzeko bigarren helburu bat ere badu bere baitan. 15 ekoizlek hartu dute parte aurtengo kanpainan, nafar lurrak emandako barazkiak eta kontserbak dastatzera emanez.

Saski kopuruak gora egin du Orion

Karkaraz gain, Orioko Herri Ikastolak eta AEK ere egin dute Errigoraren aldeko apustua Orion. Horrela, 52 saski banatuko dira guztira, horietatik 33 ikastolaren bitartez eskatuak. Iazko kanpainarekin alderatuz, nabarmen egin du gora eskatutako saski kopuruak.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide