Errigorako saskiak Karkaran erosteko aukera

Karkara 2015ko urr. 22a, 11:01

50 euroren truke, Nafarroako Erriberako ekoizleen produktuz betetako saski bat jasotzeaz gain, euskararen alde egingo du izena ematen duenak

Nafarroako Erriberan, auzolanaren bidez elikadura burujabetza eta euskara indartzea ditu helburu Errigora proiektuak. 50 euroren truke Nafarroako Erriberako ekoizleen produktu onenak etxeko sukaldean izateko aukera ematen du Euskarari Puzka kanpainak. 2012an hasi ziren udazkeneko kanpainarekin eta urte hauetan milaka saski banatu dituzte milaka etxetara. Iazko kanpainan bakarrik 12.000 saski baino gehiago saldu zituzten.

Honako produktuak ditu saskiak: ardo beltz botila, litro erdiko oliba olio birjina estra botila, melokotoia almibarrean, orburuak, potxak, mahats zukua, almendrak, pikillo piper ontzi txikia, pikillo piper ontzi handia, zainzuriak, melokotoi marmelada eta pikillo piper untapana.

Saskiaren salneurria 50 eurokoa izango da eta, gutxi gorabehera, merkatuan izango lukeen prezioan eskainiko dira produktuak. Baina, kasu honetan, jasotakoaren %25 –auzolanean egin den bitartekaritzaren dirua– hiru proiektutara bideratuko da:

  • Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastola: Bizirik irauteko ezinbesteko duten elkartasun ekonomikoa indartzera.

  • Erriberako AEK: Egoera ekonomikoa arintzera, beka fondoa handitu eta zabaltzera eta sustapen kanpaina bat garatzera.

  • D eredua Nafarroa osora zabaltzea bilatzen duten ekimenetara.

Saskia erosi nahi duenak Karkararen bitartez egin dezake; Karkarako erredakziora etorrita, 943 83 15 27 telefonora deituta edo karkara@karkara.com helbide elektronikora idatzita. Azaroaren 8a da saskiak eskatzeko azken eguna.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide