Irailaren 15ean onartu zen ISO 14001:2015 arauaren behin betiko bertsioa eta irailaren 23an ISO 9001:2015 arauarena. Horrek, arauotan oinarritutako kudeaketa sistemak ezarrita eta ziurtatuta duten enpresengan du eragina. Izan ere, aurreko arauetan –ISO 9001:2008 eta ISO 14001:2004– oinarritutako ziurtagiriak 2018an iraungiko dira.
Horren harira, bertsio berriek dakartzaten berrikuntza eta aldaketen berri emateko, informazio jardunaldia antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Arauen aldaketak kudeaketa sistemak sinplifikatzea dakar, eta aldaketa horiek nola ezarri eta bertsio berrietara nola egokitu azalduko dute jardunaldian.
Urriaren 16an izango da jardunaldia, 11:30etik 14:00etara, Udal Elkartearen egoitzan, Zarautzen. Izena emateko edo informazio gehiago eskatu nahi duenak 943 98 08 08 telefonora deitu edo enpresa@urolakosta.org helbide elektronikora idatz dezake. Jardunaldia %100 finantzatuta dago eskualdeko enpresentzat.
Hau izango da egitaraua:
11:30 Jardunaldiaren aurkezpena
11:35 ISO 9001 eta ISO 14001 arauen aldaketa garrantzitsuenak
- Aldaketen arrazoiak eta dagoeneko ziurtatuta dauden sistemen trantsiziorako egutegia.
- ISO 9001 eta ISO 14001 arauen 2015 bertsio berriak: kontzeptuak eta eskakizunak.
- Orain arteko bertsioekiko ezberdintasunak: interesdunen identifikazioa, barne eta kanpo testuingurua, arriskuen kudeaketa, aldaketen kudeaketa planifikatua, lidergoa, bizitza-zikloaren analisia…
- Prozesu berrien eskema, garatu beharreko atalak… Praktikan nola eman erantzuna, adibideak kasu bakoitzeko.