Eskualdeko industria sektoreko enpresa gehienak txikiak dira, ez dute produktu propio osorik eta beste enpresa batzuen hornitzaile gisa lan egiten dute. Enpresa txiki horientzat ezinbestekoa da ezagutzera ematea eta bezero berriak bilatzea.
Urola Kostako Udal Elkartearen lan ildoetako bat da enpresa horiei laguntzea, merkatu eta bezero berriak bilatzen. Bide horretan, aurten ere hainbat ekimen bideratuko ditugu eskualdeko industria sektoreko enpresa hornitzaile txikiei laguntzeko.
Lau sektoreetako –ingeniaritza eta diseinu industriala, metala, egurra, eta plastiko eta konpositeak– diseinu, prototipo eta serie motzetan lan egiten duten enpresa hornitzaileentzako 3 ekintza bideratuko ditu Udal Elkarteak. Hiru ekintza horietariko bi urrian izango dira.
Batetik, Sud Quest egunkarian publierreportajea egingo zaie, azpikontratazioko enpresa ehunaren promozioa egiteko. Egunkari horrek, egunero, 106.000 irakurle ditu iparraldean, hortaz, audientzia ona dauka. Horretarako, bihar, urriaren 7an, 9:30ean, egunkari horretako kazetari bat Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzara joango da, enpresei elkarrizketa egiteko. Ondoren, elkarrizketa horietako edukiekin erreportajea idatziko du. Erreportajeak bi zati izango ditu: enpresaren deskribapen orokorra eta elkarrizketa. Erreportajea urriaren erdialdera argitaratuko da.
Bestalde, praktika onen jardunaldia ere egingo da, GETren eskutik. Jardunaldi honetan Goierriko industria arloko lan talde horren sorrera, erronka eta abantailak azalduko dituzte.