Azaroan hasi eta ekainera artea, Urola Kostako Eremuko Enpresetan Energia Aurrezteko Lehiakortasun Programa martxan jarri du Urola Kostako Udal Elkarteak. Bi alderdi landu dira bertan: eskualdeko enpresetan fakturazio elektrikoa eta argiztapenaren optimizazioa eta energia sektoreko enpresen balio katearen azterketa.
Lehen egitasmoan sektore desberdinetako 12 enpresek parte hartu zuten. Energia kontsumoa eta eraginkortasun energetikoa lehiakortasun faktore garrantzitsuak dira eta, horregatik, fakturazio elektrikoa aztertu eta doitzeko eta argiztapena egokitzeko hainbat zerbitzu eman zaizkie enpresei: prestakuntza, banan-banako aholkularitza eta telefono zerbitzua.
Bigarren egitasmoan energia sektorean parte hartzen duten eskualdeko enpresen identifikazio eta mapeoa egin dute. Enpresa horiekin elkarrizketak egin dituzte diagnostiko bat egiteko. Eskualdean energiaren balio katean kokatzen diren 30 enpresa daude. Gehienak mekanizazio arloko enpresa txikiak dira, bezero zehatzentzat osagaiak lan egiten dituztenak. Horien %70a argindarraren sektorean daude.
Diagnostikoak dio eskualdeko enpresa garrantzitsuena argindarraren sorkuntza ez berriztagarrien sektorean dagoenez, pisu altua duela sektoreak, enpresa hornitzaile txiki ugari daudelako inguruan.