Duela zortzi urte egin zen lehendabizikoz. Izan zuen arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki zen 2011n. Urte hartan are arrakasta handiagoa izan zuen, kultur etxea jendez gainezka egon zen. Herriak eskertu egiten du herritarrak ordezkatuko dituzten hautagaiak mahai baten bueltan jarri eta galderak egitea, herriak eskatzen du. Eta, herritarren eskaria eta erantzuna ikusita, beste behin hauteskundeen bezperako mahai-ingurua antolatzea erabaki du Karkarak.
Maiatzaren 24an izango diren udal hauteskundeak. Eta horri begirako mahai-ingurua maiatzaren 7an izango da, ostegunarekin. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta bi orduko iraupena izango du, hau da, 21:00etan amaituko da.
Lau alderdietako kideek hartuko dute parte. EAJtik Jose Anjel Zaldua etorriko da, PSOEtik zerrendako bigarren hautagaia Irma Domingorena, Orain plataformako Miriam Uranga ere bertan izango da eta baita EH Bilduko Emeterio Iribar ere.
Ondorengoak izango dira parte hartzaileak:
- EAJ: Jose Anjel Zaldua
- PSOE: Irma Domingorena
- Orain: Miriam Uranga
- EH Bildu: Emeterio Iribar
Bi zati izango ditu mahai-inguruak. Lehendabiziko zatian Jakes Goikoetxea moderatzaileak galerak egingo dizkie, eta, bigarrengoan, publikoak izango du hitza. Bertaratutakoek galderak egiteko aukera izango dute.
Streaming bidezko emisioa
Kultur etxera etorri ezin duenak zuzenean ikusi ahal izango du, streaming bidez. Karkara.eus atarian sartuta zuzeneko emankizuna ikusteko aukera izango da.
Horrez gain, mahai-inguruaren eguna baino lehen, webgunearen bitartez galderak egiteko aukera izango da. Galdera horiek guztiak sailkatuko ditugu eta, ondoren, mahai-inguruan tarterik badago, galdera horiek egingo zaizkie parte hartzaileei.