Bizikleta gainean, korrika eta igerian aritzen diren asko daude bai Aian, bai Orion; baita hiru modalitatean uztartzen dituztenak ere. Hossain Kanaache, Jaime Abalos, Adriana Campoy, Iñigo del Hoyo, Aitor Hoyos, Maite Uranga, Eider Murillo... zerrenda luzea da. Hainbat taldetan ibiltzen dira, Yepa eta Zarauzko Triatloi Taldea kasu.
Zarauztarrak urtarrilaren 25ean bildu eta talde argazkia atera zuten. Ofizialki abian dira, eta klik batekin gordeta utzi dute aurtengo denboraldiko argazkia. Eta, guztion oroimenean gorde nahi dute ekainaren 13an izango den Zarauzko triatloia. Otsailaren 3an irekiko da bertan izen emateko aukera.
Distantzia ertaineko lehiaketarik zaharrena
650 dortsal banatuko dituzte. Banaketa internet bidez egingo da soilik, frogaren webgunean edo Euskadiko Triatloi Federazioaren atari digitalean. Aurten, deialdi bakarra egingo da; lehenago parte hartutakoa izan ala ez, epe beretan eta bide beretatik eman beharko da izena. Hori bai, derrigorrezkoa izango da maiatzaren 31rako federatuta egotea.
Prezioak ez dira aldatu, 110 euro ordaindu beharko dira eta txip horia ez daukatenek bi euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Dortsalak erosten garaiz ibiltzea gomendatu dute antolakuntzakoek, lasterketa entzutetsu horretan parte hartzeko zain egoten baitira asko eta asko.
Taldeko ateak zabal-zabalik
Taldekide gehiago gustura hartuko lituzkete Zarautzen. Oriotarrak eta aiarrak daude taldean: Aitor Hoyos, Maite Uranga, Eider Murillo, Josean Rodriguez Sierra, Igor Lazkanotegi, Inaxio Alguacil, Gotzon Iruretagoiena, Andoni Iruretagoiena. Taldera aiar eta oriotar gehiago batzea da beren nahia; hortaz, Aian edo Orion norbaitek probatu nahi badu, izen ematera animatu nahi dituzte.