Lan bilaketa eraginkorragoa izateko ikastaroa

Karkara 2015ko urt. 22a, 10:58

Lana bilaketan lagungarriak diren hainbat gako irakatsiko dituen ikastaroa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak urtarriletik martxora.

Lan bilaketa eraginkorragoa izan dadin, Urola Kostako Udal Elkarteak ikastaroa antolatu du. Lan bila dabilen pertsonei dago zuzenduta, lan aukerak lanpostu bihurtzeko bidea errazteko helburuarekin.

Hainbat gaitasun landuko dira ikastaroan, etorkizunera begira lan bilaketak efikazago izateko. Urtarrilean hasi eta martxoan amaituko da ikastaroa eta lana bilatzeko prozesuan eragina duten alderdiak eta baliabideak landuko dira: autoezagutza, Linkedin eta ABLE.

Garrantzitsua da oso lana bilatzerako garaian norbere burua ezagutzea eta konfiantza izatea. Ikastaro horrek hiru orduko iraupena izango du eta bi bider emango da. Lehendabizi, urtarrilaren 30ean, 9:30ean hasi eta 12:30ak arte. Bigarrengoa martxoaren 13an izango da, ordu berean. Ikastaro bakoitzerako zazpi plaza daude soilik.

Linkedin sare sozialean lan bilaketak egiten ere erakutsiko da. Otsailaren 13an eta martxoaren 27an irakatsiko dute bilaketa aktiboari zukua ateratzen, 9:30etatik 12:30etara.

Hirugarren ikastaroa ABLE da, Aldi baterako lanerako enpresetan izena eman deiturikoa. Webguneetan lan eskaintzetan izena emateko garaian kontuan hartu beharreko irizpideak aztertu eta landuko dira otsailaren 27an, 9:30etatik 12:30etara.

Informazio gehiago eskuratzeko 943 89 08 08 telefonora deitu edo Urola Kostako Udal Elkartera bertaratu behar da, baita izena emateko ere.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide