Etxeko hondakinak eta arropa jasotzeko edukiontziak

Karkara 2014ko abe. 4a, 10:02

Aian bi edukiontzi jarri dituzte eta lau Orion. Honela, hondakinak gaika biltzeko bidean urrats bat gehiago eman nahi izan du Urola Kostako Mankomunitateak

Hondakinak gaika biltzeko zerbitzua indartuko du Urola Kostako Udal Elkarteak, orain arte arropa jasotzeko erabiltzen ziren edukiontziak kendu eta berriak jartzen. Edukiontzi berrietan arropa eta etxeko hainbat hondakin jaso ahal izango dira.

Zerbitzuaren kostua 23.870,01 eurokoa da. Orain arteko zerbitzuak antzeko kostua zuen, eta prezioak apenas igo gabe zerbitzu hobeagoa eskaintzen saiatu da Udal Elkartea. Eskaintza honekin etxeko hondakinei berrerabilpena emate da xedea.

Edukiontzian utzi beharrekoak

• Arropa eta ehunkiak: janzteko arropa, etxeko arropa, poltsak, gerrikoak, oinetakoak...

• Jostailuak: panpinak, jostailuzko kotxeak, pelutxeak, puzzlea, mahai-jolasak, pilak dituzten jostailuak, sehaskak, motxilak...

• Liburuak: denetariko liburuak

• Aparailu elektriko eta elektroniko txikiak: erreminta elektrikoak, etxeko tresna elektriko txikiak, kamerak, telefonoak, ordenagailu eta produktu informatikoak, bideo kontsola eta jolasak, telebistak eta ordenagailu pantailak, teklatuak, organo elektronikoak, mp4ak, DVD eramangarriak...

• Bitxiak edo bisuteria: lepokoak, eskumuturrekoak, eraztunak...

• Bazarra: erremintak, tresnak, sukaldeko ontziak eta gauzak, figuratxoak, koadroak, lanparak...

Edukiontzian utzi behar ez direnak

• Kristaleria, baxera, ebakitzeko gauzak, garbikariak, produktu urratzaileak, pilak, pertxak...

• Bolumen handiko hondakinak

• Etxeko hondakin arriskutsuak: aerosolak, pinturak, disolbatzaileak... Azken hondakin horiek garbigunera eraman behar dira.

Hondakinak berrerabili eta birziklatu

Arropa eta ehunkiak poltsetan utzi behar dira; gainontzekoak, poltsetan edo bere horretan. Jasotako hondakinak lehendabizi sailkatu egingo dira; ondoren, aztertu egiten da beren egoera. Horren arabera, hondakinak bi bide hartzen ditu: berrerabilpena eta birziklapena.

Ondo dauden produktuak txukundu, konpondu eta saldu egiten dira. Egoera txarrean daudenak, ordea, birziklatzera bideratzen dira. Zerbitzu hori Rezikleta Koopera enpresak eskainiko du.

Edukiontzi berriak bost herrietan

Zerbitzua berria eskaintzeko edukiontzi berriak jarriko dira; guztira 25. Aian bi edukiontzi jarriko dituzte, Anbulategian eta Garbigunean. Orion, lau: Anibarko portuan, Arrantzale eta Abeslari kaleen artean, Iturbide eta Nagusi kaleen artean, eta Kaia kalean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide