Euskaldunon domeinua euskaldun guztion eskura

Karkara 2014ko ira. 19a, 08:35

Argazkia: bilbohiria

Azaroaren 18a bitarte eskatu ahal izango dira .eus domeinu-izenak. Abenduaren 3an aukeratuko dira

Irailaren 16an aktibatu zen .eus domeinuak eskatzeko abiaratze-aldia. Josu Waliño PuntuEUSen zuzendariak azaldu zuenez lehentasunezko fase honetan elkarte, enpresa eta instituzio publikoek izango dute aukera domeinu-izenak eskatzeko eta babesteko.

Abiarazte-aldia asteartean hasi zen, irailaren 16an; eta bi hilabete barru amaituko da, azaroaren 18an. Denbora horretan domeinu-izenak eskatzeko tartea egongo da. Esleitu ostean, abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Ze pauso eman behar dira .eus izateko?

Izan erakundea, enpresa, elkartea edo norbanakoa; edonork eskatu dezake .eus domeinu-izena. Eskatzailea nor den ez da begiratuko, webgunea aztertuko da soilik.

Hiru pausotan eskatzen da .eus domeinua www.domeinuak.eus webgunean. Zuk nahi duzun domeinu-izena eskuragarri dagoen begiratu behar duzu, eta hala badago, erregistradore zerrendatik aukeratu behar duzu. Webgune batetara bideratuko zaituzte eta, hor, erosketa prozesua gauzatu ahal izango duzu.

Domeinuaren prezioa aukeratzen duzun erregistradorearen araberakoa da. Erregistradore bakoitzak eskaintzen duen zerbitzuaren araberako prezioa izango du, hortaz, hautatzen duzun zerbitzuaren baitako prezioa izango du domeinu-izenak. Dena den, guztiek dituzte ondorengo zerbitzuak: .eus posta elektronikoa, DNSen kudeaketa, web espazioa, laguntza...

Domeinua geroago eskatzeko aukera

Lehentasunezko fasea da martxan jarri dena. Fase hau amaitzean, abenduaren 3an, beste aro bat irekiko da Erregistro Orokorra deiturikoa. Fase horretan ere eskatu ahal izango da .eus domeinu-izena.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide