10 urte adinekoei zerbitzua ematen

Karkara 2014ko uzt. 11a, 16:29

Bihar 10 urte beteko ditu Orioko Eguneko Zentroak eta gaur hamaiketakoa antolatu dute hori ospatzeko. Manuela Azkue eta bere familia omendu dute bederatzi urte hauetan erakutsi duten prestutasuna eskertzeko.

10 urte beteko ditu bihar Orioko Eguneko Zentroak. Ireki zenean jende gutxi zegoen, baina urteak pasa ahala zerbitzua handituz joan da. Eskaria handituz joan denez, eskaintza ere handituz joan da. Egun, astean zehar, 17 adineko egoten dira; eta asteburuetan, 10.

Hasiera batean adineko pertsona Eguneko Zentrora ekartzea zaila da familia askorentzat, hastea kosta egiten da, aitortu du zentroko langile batek. Behin pausoa emanda, zentrokoek egindako lana eskertzen dute familiek. Eta datuek ere hori diote, 10 urtez lan ona egiten dutela eta zerbitzu ona eskaintzen dutela Eguneko Zentroan.

Mimoz lan egiten saiatzen dira bertakoak, gaur antolatu duten ospakizunenan hori igartzen zen. Hamaiketakoa prestatu diete, bai adinekoei baita beren familiei ere. Eta guztiak bildu dira zentroan: ilobak, seme-alabak, aiton-amonak, gizarte langileak... Beñat Solaberrieta alkatearen eta Amaia Dorronsoro zinegotziaren bisita ere izan dute.

                

10 urte bete ditu Orioko Eguneko Zentroak, eta bertan 9 bete ditu Manuela Azkue Cortak. Zentroan martxan jarri eta urte betera sartu zen. Ordutik bizipen ugari bizi izan ditu bertan eta ekintza ia guztietan hartu du parte. Gaur, zentroaren 10. urteurrena ospatzearekin batera Manuela omendu eta bere familia eskertu nahi izan dute. Lore sorta eder bat oparitu die urte guzti hauetan berekin egoteagatik.

Orioko Udalari ere eskerrak eman nahi dizkio Eguneko Zentroak, erakusten duen inplikazio handiagatik. Anbulatoriokoak ere ezin izan dituzte ahaztu, askotan beren laguntza jasotzen baitute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide