"Ehunmilak" eta "Bi handiak" lasterketetan parte hartuko duten hiru handi

Karkara 2014ko uzt. 11a, 08:56

Asteburu honetan izango dira Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak probak, Beasainen. Bertan parte hartuko dute Jose Inazio Manterolak, Jakes Goikoetxeak eta Aitziber Lizarraldek

166 kilometro. Bi gau pagadi eta hariztietatik barrena, gailurrik garaienak zeharkatzen, maldan gora eta behera. Urtegiak, euskaldeak eta mugak mendiz zeharkatuko dituzte Ehunmilak lasterketako partaideek. Gailurrik altuena Aizkorri izango da, 1.528 metrokoa.

Erronka handia du aurrean Jose Inazio Manterolak. Bera izan da Orio eta Aiatik parte hartzera ausartu den bakarra. Pagoetako Igoerarekin bataiatu zen mendi probetan. Geroztek astebururo-astebururo aritzen da mendi martxak egiten. Ostiralean, 107 zenbakidun dortsala soinean duela, urteko proba gogorrenari ekingo dio Manterolak.

Goierriko bi handiak

88 kilometroko luzera eta 6.000 metroko desnibela erraz esaten da. Egin, ordea, ez da horren erraz egiten. Goierriko bi handiak, Txindoki eta Aizkorriko gailurrak, lotuko ditu probak. Beasainen hasi eta beasainen amaituko da eta 362 izango dira irteera puntutik aterako diren lasterkariak; horietatik 26 emakumezkoak.

26 horien artean Aitziber Lizarralde aiarra egongo da. Giza probetan, herri kiroletaneta arraunean ibilitakoa da bera, besteak beste. Kirola gustuko du, baita mendia ere. Kirola mendian egingo du asteburu honetan, Goierriko bi handiak lasterketan parte hartuko baitu. Berarekin batera izango da Jakes Goikoetxea oriotarra.

Berriako Ibilkari blogean entrenamendu gehienak ordu txikietan izan direla aitortu du Goikoetxeak. Entrenatzeko denbora atsedenari eta familiari kendu diola gaineratu du. Mendian korrika egiteak nolabaiteko oreka eskaintzen dit, baina onartu beharra daukat kontraesan galanta dela oreka lortzeko norbera eta ingurukoak desorekatu beharra. Goikoetxeak idatzitako iritzi artikulua osorik irakurtzeko egin klik hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide