GUTUNA

Betebehar morala dugu gure hizkuntzaren alde egitea

Mikel Uria 2025ko aza. 2a, 12:00

Aiako plaza.

Mikel Uria aiarrak honako gutuna helarazi dio Gukari euskararen egoeraren inguruan hausnartuz.

Euskararen egoerari buruz, Iñaki Iurrebaso adituak, arnasguneak deitzen zaien herri edo inguruak ahultzen ari ote diren dio, orain arte euskarak izan duen nagusitasuna (herri horien artean legoke Aia ere) ahultzen ari dela, alegia.

Jon Sarasuak, berriz, Euskal Telebistan egin berri dioten elkarrizketan dionez, euskarak bizirik irautea nahi badugu, orain arte egin diren saiakerez gain, beste pauso batzuk eman beharko ditugu. Beste modu batera esanda, orain arte egin dugunarekin jarraitzea ez dela nahikoa.

Gai honetan adituak ez garenok ere erraz ikusten ditugu euskarak dituen arriskuetako batzuk. Adibidez, kafetegi edo ostalaritzan zerbitzari lanean dabiltzan gehienak hegoamerikarrak dira. Eta beraien hizkuntza gaztelera da, jakina. Eta denok gazteleraz dakigunez, ez dute euskara ikasteko beharrik ikusten... Zertarako, ulertzen didate eta! Nor ez da gaizki sentitu ogia edo kafe bat euskaraz eskatu eta zerbitzariak ez duela ulertu adierazten dizunean, nahiz eta euskaraz jarraitzeko gogoa izan, gaztelania erabili behar izan duenean?

Nola egin edo zer jokaera hartu egoera honi aurre egiteko? Inposatzeak ez du emaitza onik ekartzen orokorrean, kontrako joera edo erresistentziak sortzen dituelako. Beste modu batzuk pentsatu beharko. Edonola ere, kontrakoa ere ezin da onartu. Orain dela aste batzuk, geuk ikusi genuen Donostiako kafetegi batean bezero batek eskaera bi aldiz euskaraz egin ziolako, zerbitzariak modu txarrean nola erantzun zion, denen aurrean. Euskara ikastea denontzat (beraientzat ere bai) ona eta beharrezkoa dela ulertarazi beharko diegu, modu batera edo bestera.

Beste egoera nabarmena, gazteek beraien mugikor edo sakeleko telefonoen bidez erabiltzen dituzten sare sozialak eta jokoak dira. Hauen edukiaren gehiengo handia gaztelerazkoa da. Eta nahiz eta ahalik eta eduki gehiena euskaraz ipintzen saiatu, ia ezinezkoa da gaztelaniaren mailara iristea, beraiek milioika direlako, eta euskaldunok, oso gutxi. Eta gutxiago edukiak euskaraz jartzen ditugunok.

Orain arte, euskaldunon burugogortasunak, baserri eta arrantzaleen isolamenduak, euskal instituzioen jardunak eta abar, gure hizkuntza zaharra galdu gabe mantentzeko balio izan dute, baina aurrerantzean, beste neurri batzuk beharko ditugu. Egoerak aldatzen diren heinean, konponbideak ere aldatu behar dira. Nolabaiteko euskararen aldeko olatu bat sortu beharko dugu. Bestela, kontrako olatuak eramango gaitu itsaso barrura. Ehunka urtetan (milaka esanda ere, ez nengoke oker) bizi izan da gure hizkuntza. Gure guraso, aiton-amona eta gainontzeko gure antzinakoek lortu zutena, ezin dugu guk gure belaunaldian galtzen utzi. Horrek ezer gutxi esango luke gure alde. Nolabait esateko, betebehar morala dugu gure hizkuntzaren alde egitea.

Estatu Batuetako Boisera alde egin behar izan zuten batzuen alaba den Gloria Totorikaguenak dioen bezala, euskalduna izatea pribilegio bat da, baina baita ardura handi bat ere, gutxi garelako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide