Aurten ere gogotsu ospatuko dute Gau Beltza Aiako bizilagunek. Izan ere, Aiako Gurako Elkarteak antolatuta, haurrentzako nahiz gazteentzako egitarau biribila prestatu dute ospakizun berezi honetarako. Antolakuntzatik azaldu dutenez, jai hau "berreskuratu" nahi dute, "gure haurrei euskal tradizioen berri eman nahi diegulako".
Hori horrela, egitarau aparta osatu dute bihar iluntzerako. Arratsaldeko 17:00etan emango diote hasiera festari, eta horretarako jolas eremua antolatuko dute frontoian. Bertan, gaztetxoek aukera izango dute mozorrotzeko eta aurpegiak margotzeko. Halaber, mahai bat jarriko dute norberak bere beldurrak bertan idatzi ditzan, eta eremu bat ere prestatuko dute argazkiak ateratzeko. Haurrentzako hainbat jolas ere izango dira, eta amaieran txokolatea banatuko zaie bertaratzen direnei.
Ondoren, 18:30 aldera, Herriko Plazan bilduko dira eta kalejira zaratatsua egingo dute herriko kaleetan zehar. Horretarako, etxetik zarata ateratzen duten tresnak ekartzea eskatu dute. Gainera, antolatzaileek aurreratu dutenez, sorpresa batekin emango diote amaiera kalejirari. Hori ez ezik, Gure Zirkurako sarreren zozketa ere egingo dute arratsaldean zehar.
Eta gauari amaiera biribila emateko, iaz bezala aurten ere Beldurrezko Etxean sartzeko aukera izango dute herriko ausartenek. Herritarrek antolatutako ekintza da, eta 12 urtetik gorakoentzat da gomendagarria. Gainera, parte hartzeko beharrezkoa izango da txartelak eskuratzea, 19:00etan, Kultur Etxeko atarian. Bi eta hiru pertsonako taldeak osatu beharko dira etxean sartzeko.