Ibaietako ekosistema berreskuratzeko xedearekin, ibaien saneamenduaz arduratzen da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta arrainen mugikortasuna hobea izan dadin, beste jarduera batzuk ere egiten ari da.
Gipuzkoako arroetan presa txiki ugari daude, arrainen joan-etorria mugatzen nahiz materialen joan-etorria eragozten dutenak. Horietako asko gaur egun ez dira erabiltzen, eta horiek egokitu edota eraitsi beharra daude arrainen mugikortasuna ahalbidetzeko, aldundiaren ustez. Erabilerarik ez duen presa txiki horietako bat da Altzolaratseko Granada erreka presa txikia; hori eraisteko proiektua eginda du aldundiak, eta lanak martxan jartzeko bidean ditu.
Granada erreka presa txikia eraistea erabaki aurretik, presaren beraren eta inguruaren egoera aztertu dute, eta ondoren osatu dute eraisteko proiektua.
Presa txiki hori XX. mendearen erdian eraiki zuten, Zarautz edateko urez hornitzeko. Presaren lehen proiektua 1947an aurkeztu zuen Zarauzko Udalak, baina hainbat atzerapen tarteko, ezin izan zuen 1964. urtera arte eraiki. Presa horren ur hartunea 1990eko hamarkadaren bukaeran transferitu zioten Gipuzkoako Urak erakundeari kudeatzeko, eta handik gutxira behin betiko baliogabetu zuten. Beraz, egun ez dauka inolako erabilerarik.
Pagoeta parke naturalaren eta Pagoeta Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) barruan dago Granada erreka presa; eskuinaldeko ertza Aia da, eta ezkerraldeko ertza, berriz, Zestoa.
Hormigoiz eginda dago, eta gaur egun enkofratuaren arrastoak ere ikus daitezke. Ezkerraldea hormigoizko horma batekin babestuta du, eta ur hartunea eskuinaldeko estribuaren ondoan dago, mendiaren kontra hormigoiz egindako oinplanoarekin. Oraindik zurezko konporta kontserbatzen du presak. Kanalaren bukaeran, maniobra txabola txiki bat dago hormigoiz eraikita. Hornidura hodia, berriz, txabolaren atzealdean hasten da eta lurpeko trazatua du.
Aldundiak egindako eraisteko proiektuaren memorian adierazten da, ondareari dagokionez, Granada erreka presa txikia ez dagoela babestuta, eta ez dutela katalogaziorik aurkitu: "Beraz, ez dago inolako eragozpenik presa txikia eraisteko".
Lanak kontu handiz
Presa nola eraitsi ere zehaztu dute, eta ahalegin berezia egiteko asmoa dute haren ingurunea ahalik eta gutxien kaltetzeko. Presa bakarrik eraitsiko dute "harkaitza topatu arte", eta ertzetako elementuak bere horretan utziko dituzte.
Ertzetako elementuak, kanala eta txabola, eraitsitako materiala uzteko erabiliko dituzte. Era horretan, eraitsitako materiala garraiatzeko kamioiak ingurunean ibiltzea saihestuko dute: "Bestela, kamioientzat pista prestatu beharko litzateke, eta horrek kontserbazio bereziko eremuan kalte larria sortuko luke".
65.074 euroko aurrekontua du Granada errekako presa txikia eraisteak, eta lanak lau hilabeteko epean egitea aurreikusita dute. Lanak hasi aurreko izapideak egiten ari dira orain.
Altzolaratsera bisita gidatuak
Abuztuaren 2rako eta 3rako Altzolarats ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu Urola Turismoak, Altzolarats, errota eta baserrien haran ezkutua izenburu hartuta. Larunbateko bisita euskaraz izango da, eta igandekoa gaztelaniaz. Bi kasuetan, 10:00etan irtengo dute Forjas Iraeta lantegiaren aparkalekutik.
Bisita gidatuak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da parte hartzeko. Izena emateko 943-15 18 78 telefono zenbakira deitu edota i-loiola@urolaturismoa.eus helbide elektronikora idatzi behar da.