Aiako udalbatzak apirileko ohiko bilkuran eman zion hasierako argi berdea Arruti-Azkue bidearen trafikoa erregulatzeko ordenantzari. Jendaurrean egon ondoren eta erreklamaziorik jaso ez dutenez, akordioa behin betikotzat onartu dute orain.
Ordenantzaren helburua da Azkue baserria eta Errota-Amas Portu eremu bezala ezagutzen denaren bitarteko herri bidean "motordun ibilgailuen trafikoa arautzea"; GI-3170 errepidearen 9 eta 10 kilometroen (Azkue baserriaren ondoan) eta GI-3161 errepideko 1,300 eta 1,400 kilometro tartean (Amas Portu baserrirako bidegurutzea), hain zuzen ere. Izan ere, udalak "beharrezkotzat" jotzen du, bidearen "ezaugarriak" ikusita, trafikoa arautuko duen ordenantza bat ontzea. Bide hori asko erabiltzen da, aiarrek ohitura baitute Oriorako joan-etorriak handik egiteko.
Ordenantzako aginduak, hasiera batean, Arruti-Azkue bidearen bi norabideetan aplikatuko dira eta "erabiltzaile ororengan" izango dute eragina. Hortaz, ordenantzak araututako bideak erabiltzen dituzten pertsonek "derrigorrez" bete beharko dituzte zirkulazio arauak. Hala ere, organo eskudunak trafikoaren antolamendua "aldi baterako aldatzeko" eskumena izango duela azaldu dute, "trafiko eta zirkulazio kontuek hala eskatzen dutenean, larrialdietan, segurtasunerako eta ordena publikorako beharrezko jotzen denean, eta kirol jarduerak, kulturalak nahiz bestelakoak egiteko beharrezko denean ere bai".
Horrez gain, eskumena izango du pertsonen eta ibilgailuen "segurtasuna bermatzeko eta zirkulazioa arintzeko" beharrezko diren neurri guztiak hartzeko, esate baterako, seinaleak kenduz edo jarriz, murrizketak eta mugaketak ezarriz, eta horiek guztiak derrigorrez bete beharrekoak izango dira.
Bestalde, larrialdietan, osasun laguntza emateko beharrezko diren ibilgailuek zirkulatzeko baimena izango dute, adibidez, suhiltzaileek edo babes zibileko ibilgailuek.
Hortaz, ordenantzan aurreikusitako arau hausteen preskripzio epea hiru hilabetekoa izango da arau hauste arinen kasuan; sei hilabetekoa, aldiz, arau hauste larrietan; eta urtebetekoa arau hauste oso larrietan. Arau hauste arina izango da udalak ezarritako bi kameren artean 20 minutuko denbora baino gutxiagoan zirkulatzea, eta ondorioz, 100 euroko isuna ezarriko da.
EH Bilduren erantzuna
Aiako EH Bilduk joan den maiatzean argitaratutako oharrean zehaztu zuen ordenantzaren inguruko iritzia. Izan ere, 2023ko abendu hasieratik zeraman itxita Azkuetik Errotara bitartean doan herri bideak. "Hasiera batean asteburu baterako zena, gero bi astera luzatu zen, eta azterketa sakon bat egin ondoren, udal gobernuak esan zigun errepide hau erabat ixteko asmoa dagoela". Udalak bidea geologikoki "lur ez egonkor batean" dagoela arrazoitu zuen, gaur egun duen trafikoa jasan ezinez.
"Badakigu auzokoek irekitako bide bat izanda ere, kaskoan bizi diren bizilagunentzat Oriorantz jaisteko errepide nagusi(ena) hauxe izan dela azken urteotan". Errepideak "trafiko handirik" jasan ezin duela jakin arren, eta zentzu horretan, aurretik egin ziren zenbait aldaketarekin (txandakako pasorako semaforoak jartzea, esaterako) "oso ados" dauden arren, oraingo erabakiak errepideari "pasarako izaera" kenduko diola argudiatu du alderdiak.
Hala, hiru gako mahaigaineratu zituzten erabakiaren harira: errepideak jasaten duen eguneroko trafiko zehatza, Aiako gainontzeko errepideen egoera eta bizilagunen eskumena.
Lehenengoari erreparatuz, dagoeneko bidean instalatu diren kameren bidez "trafiko irekia" jarri eta epe batean errepideak jasaten duen trafikoaren "kalkulu zehatza" egin daitekeela proposatu zuen alderdiak, "horren araberako neurri egokituagoak jarriz".
Bigarrenari dagokionez, herriguneko gainontzeko errepideak ere "oso oso gaizki daudela" esan dute, adibide bezala Santio Errekatik edota Laurgaindik barrena doazen errepideak jarriz, besteak beste. "Esan beharrik ez da txirrindulari eta ibilgailuen arteko elkarbizitza ere ez dela batere erraza izaten, errepidearen nolakotasunak eraginda".
Hirugarren puntuari begiratuz, gogora ekarri dute Lokatetik barrena doan bidea, Elkanotik Abendañora jaisten dena. "Egunen batean antzeko eskaeraren bat egingo balute, ez dakigu zein izango litzatekeen udal gobernuaren jarrera". Hiru gako horiez erantzunik jaso ez dutela gehitu dute, "benetan hausnarketa globalik egin gabe hartutako erabakia" izan dela leporatuz. "Ez errepide hau ixtearen aurka edo alde gaudelako, baizik eta erabaki irmo bat hartu delako benetako azterketarik egin eta soluzio globalik planteatu gabe".
Bestalde, Aian garraio azpiegiturarena "lehen mailako arazo bat" dela azpimarratu du, eta errepideen azterketa "serio bat, berehalakoa eta zehatza" eskatu dute. "Gainontzean, Azkue-Errota bidearena bezalako partxeak jartzen jarraitu beharko dugu eta, arazoek, konpontzera egin ordez, okerrera egingo dute".