Beste hainbat eta hainbat lekutan bezala, sanpedroak ospatuko dituzte ekaina amaieran Elkano auzoan. Hain zuzen ere, ekainaren 27tik 29ra murgilduko da auzoa festetan, eta askotariko ekintzak izango dira bertan: parrillada, pilota partidak, tortilla lehiaketa, idi demak, erromeriak...
Ostiralean botako dute txupinazoa, 20:00etan, suziri, kanpai, txistulari eta erraldoiekin batera, eta jarraian parrillada eta Dj Indate izango dira auzoan. Hurrengo egunean, larunbatez, pilota partidak jokatuko dituzte auzoko gazteek 12:00etan, eta patata tortilla lehiaketarekin beteko dute sabela eguardian. Iluntzearekin batera, auzo afaria izango da 21:00etan, eta bertara joan nahi dutenez elkartean erosi beharko dituzte txartelak ekainaren 15ean eta 22an, 12:00etatik 14:00etara. Gazteategin ere eskuratu ahal izango dira txartelak, gaurtik aurrera.
Ekainaren 29an, San Pedro egunez, eliza ospakizuna izango da 11:00etan, eta jarraian egingo dute Gipuzkoako 4arroa txapelketaren kanporaketa, Izer eta Alabierrek alaituta. Arratsaldean, 18:00etan, idi demak jokatuko dituzte Matxain, Garayar eta Etxabeko idi pareek, eta festa amaituko dute Izer eta Alabierren erromeriarekin, 20:00etan.
Hona hemen egitaraua:
Ekainak 27, ostirala
17:30. Ume jolasak
20:00. Txupinazoa, suziri, kanpai, txistulari eta erraldoiekin batera jaiei hasiera emateko.
Ondoren, parrillada auzoko frontoian.
Jarraian, Dj Indate.
Ekainak 28, larunbata
08:00. Txupinazoa suziri eta kanpaiekin
12:00. Pilota partida auzoko gazteen artean.
Gero, tortilla lehiaketa eta pintxo banaketa, Amets eta Oihane Etxaide trikitilariek alaiturik
21:00. Auzo afaria eta erromeria Ostolaza eta Larrañagarekin. Txartelak dagoeneko eskuragarri Gazteategin. Elkartean hilaren 15ean eta 22an salduko dituzte, 12:00etatik 14:00etara.
Ekainak 29, San Pedro eguna
11:00. Ospakizuna elizan
Gero, Gipuzkoako 4arroa txapelketaren kanporaketa. Izer eta Alabierrek alaituta.
18:00. Idi demak Etxetxo, Matxain eta Etxaberrekin.
20:00. Erromeria Izer eta Alabierrekin.