Hegaztien migrazioari buruzko hitzaldia eskainiko dute Iturrarango parketxean

Julene Sorarrain 2025ko mai. 11a, 11:30

Artxiboko irudian, txori txiki bat.

Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira, Aranzadi Zientzia Elkarteak orain arte argitaratu den Euskadiko Hegazti Migratzaileen Atlas bakarra aurkeztu du. Hori horrela, Euskadiko Hegaztien Migrazioa izeneko dibulgazio-txostenari buruzko hitzaldiak antolatu dituzte hainbat parketxetan, tartean Iturraranen. 

Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatzen da maiatzaren 10ean, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak orain arte argitaratu den Euskadiko Hegazti Migratzaileen Atlas bakarra aurkeztu berri du. Bestalde, Euskadiko Hegaztien Migrazioa izeneko dibulgazio-txostenari buruz Parketxeen sarean egingo diren hitzaldiak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe guztiei zuzendutako material didaktikoa ere prestatu dituzte. Jarduera guztiak maiatzaren 6an aurkeztu zituzten Aranzadi Zientzia Elkarteko egoitzan.

Aurkezpen ekitaldian izan zen Aranzadiko Ornitologia saileko zuzendaria, Juan Arizaga, autonomia erkidegoak hegaztien migrazioan duen garrantzi estrategikoa azaltzeko. "Euskadi, eskualde txikia izan arren, mendebaldeko Europan hegaztien migraziorako ezinbesteko tokian dago bere kokapen geografiko berezia dela eta. Mendebaldeko Europaren iparraldearen eta hegoaldearen artean, hegaztien fluxurako ezinbesteko puntuan dago eta, horrenbestez, kontinente osoko eskualde garrantzitsuenetako bat da bertatik hegazti kopuru handia igarotzen delako eta negua igarotzeko edo umatzeko eremuetara iristeko bidean lurraldean geldialdia egiteko aukeratzen duten tokia delako".

Euskadiko hiru aldundietako arduradunak aurkezpenean izan ziren, eta natura-ingurunea behar bezala kudeatzeko oinarri eta lagungarri diren zientzia- eta dibulgazio-proiektu horiek babestearen garrantzi estrategikoa azaldu zuten. Koldobike Olabide, mendietako eta natura-ondareko zuzendaria; Alex Peláez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendaria eta baita Maria Jose Madeira Arabako Foru Aldundiko Natura Inguruneko zuzendaria ere.

Hegazti Migratzaileen Atlasak lurraldea zeharkatzen duten hegaztien berreskuratzeei esker jasotako 100 urteko datu zientifikoak jasotzen ditu. "Gainera, gure zeruetan hegan ibiltzen diren 152 espezie horietarako, datuen azterketa zehatza egin da eta mapak eta grafikoak jasotzen ditu, besteak beste". 

Hitzaldiak Parketxeen sarean

Proiektuaren beste helburuetako bat ·ornitologia eta hegaztien migrazioak duen garrantzia herritarrei gerturatzea· da. Horretarako, ikastetxeei bidaltzeko material didaktikoa diseinatu dute, baita herritar guztiei zuzendutako hitzaldiak ere. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako hainbat parketxetan eskainiko dituzte hitzaldiak, tartean Aiako Iturraranen, maiatzaren 25ean.

Udazkenera begira, Eusko Jaurlaritzaren baitako Ekoetxeek proiektu honekin lotutako jarduerak eta solasaldiak ere antolatuko dituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide