Atzo arratsaldean zabaldu zituen ateak 23. Garagardo Azokak Munoako karpan, eta irekiera ekitaldian urtero egin ohi duten omenaldian Lorea Segovia aiarrak jaso zuen aitortza. Berarekin batera, Zarautz Rugby Taldeak harrobiko beste hiru jokalari ere omendu zituen: Urko Zumeta Martin Sorreluz eta Alex Saletari, hain justu ere.
Herritarrek ez zuten denborarik galdu garagardo txarroak eskatu eta mahaietan horiek lasai dastatzeko. 20:00etan egin zuten irekiera ekitaldia, eta ordurako ez zen tokirik mahaietan.
Xabier Unanuek banan-banan aurkeztu zituen, bakoitzaren ibilbidea laburbilduz eta goraipatuz, denak iritsi baitira errugbiaren gorengo mailara. Sorreluzez, esan zuen iaz arte etxeko taldean ibili dela eta Espainiako Selekzioko kidea dela, eta aurten Burgosek fitxatu duela. Saleta ere Espainiako Selekzioko kide da absolutuetan, eta 2027ko munduko txapelketarako sailkatu da. Zumetaz, esan zuen jubeniletan Biarritz Olympicera egin zuela salto, eta gaur egun Burgosen dabilela jokatzen eta aurten Superkopa irabazi duela talde horrekin. Azkenik, Segoviari buruz azpimarratu zuen Eibarren lehen mailan jokatzeko saltoa eman zuela, eta Zarautz Rugby Taldeko aurreneko emakumea izan dela hori lortzen.
Ekitaldia amaitutakoan, azken bi horiekin, Zumeta eta Segoviarekin, izan zen Guka Telebista, omenaldiaz eta aurtengo denboraldiaz haien iritzia biltzeko.