Aia

48 gidarik parte hartuko dute larunbatean Andatzatik Aiarako Igoeran

Julene Sorarrain 2025ko mar. 20a, 16:56

Probaren antolatzaileak, pilotuak eta Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea, atzo Andatzan egindako aurkezpenean. (Julene Sorarrain)

14:30ean hasiko da Andatzatik Aiarako XVIII. Igoera, baina goizean ibilgailuak ikusteko aukera izango dute herritarrek Aiako Gozategi plazan.

Larunbat honetan jokatuko dute Andatzatik Aiarako XVIII. Igoera, Bosteko eskuderiak Andatzako herritarrekin elkarlanean antolatuta. Euskal Herriko eta Gipuzkoako lehen proba puntuagarria izango da, eta bertan pilotuek lau aldiz egin beharko dute ia lau kilometroko ibilbidea. 14:30ean emango diote hasiera entrenamendu txandari, eta, ondoren, gainerako hiru txandak gauzatuko dituzte. Aurten, guztira 48 auto gidari lehiatuko dira, 46 gizonezko eta bi emakumezko.

Atzo iluntzean egin zuten aurtengo edizioaren aurkezpena, Andatzako Auzo Elkartean. Bertan izan ziren proban parte hartuko duten bi gidari –Maria Aranberri azpeitiarra eta Aitor Manso lasartearra–, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko presidentea, Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea, Iñigo Cuesta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko presidentea eta Arkaitz Iruretagoiena eta Gorka del Cid, Bosteko eskuderiako kideak. "Beste urte batez, zerrenda polita osatzea lortu dugu, eta urtero bezala, txapela etxera eramateko aukerak izango dituzte gidariek", azaldu zuen del Cidek, eta jarraian bi gidariei eman zien hitza.

Aranberrik ibilbide "azkar samarra" dela gaineratu zuen, baita beheko eremua "konplikatua" dela ere: "Ea zuhaitzak saihestea lortzen dugun". Hala eta guztiz ere, "gogoz" dagoela esan zuen azpeitiarrak, eta eguraldi ona egitea espero duela.

Probako "faboritoak"

Joseba Iraola bizkaitarrak "probako faboritoa" izaten jarraitzen duen arren, Manso ere lehiatzeko gogoz agertu zen: "Argi dago Joseba oso pilotu ona dela, eta haren autoak izugarrizko ezaugarriak ditu. Hala ere, inoiz ez dakigu zer gerta daitekeen, eta dena eman behar da. Ea nor iristen den aurrena goraino". Lasarte-Oriakoak (Gipuzkoa) gogora ekarri zuen Aiako igoeran egin zuela debuta 2020. urtean, Formula Renault batekin. "Ondo ezagutzen dut ibilbide hau, eta oso gustuko dut".

Cuesta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko presidenteak gehitu zuen "familia osoarekin joateko erraztasun handia" ematen duela probak. Gainera, irabazlea nor izango den jakin ezin duten arren, "faborito asko" daudela esan zuen, eta ikusteko "jardunaldi interesgarria" izango dela.

Aiako alkateak eskerrak eman nahi izan zizkien antolatzaileei; izan ere, haren arabera, hemezortzi urteren ondoren, "sendotzea" lortu duen proba bat da Aiakoa. "Eskerrak eman nahi dizkizuet horrelako ekitaldiak egiteagatik. Aia herri txikia den arren, jarduera asko egiten dira urte osoan zehar, eta horrelako ekintzak ez lirateke posible izango zuek bezalako boluntario eta zale talderik ez balego".

Aiarako errepidea, itxita

Autoen igoera dela eta, bihar, 13:30etik 19:30etara bitartean, Andatzatik igarotzen den Aia eta Orio arteko errepidea itxita egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Gainera, errepide mozketak eragina izango du Lurraldebusen autobus zerbitzuan.

UK08 lineak ez du ohiko ibilbidea egingo: Aia eta Orio arteko errepidea erabili beharrean, Pagoetatik barrena jaitsiko da Oriora autobusa. Horrez gain, probak irauten duen bitartean, Aiako geralekua Armendigaineko biribilgunera lekualdatuko dutela jakinarazi dute Lurraldebus zerbitzuaren arduradunek.

Autoak ikusgai plazan

Ohi bezala, bihar goizetik aurrera ibilgailu guztiak ikusteko aukera egongo da –09:00etik aurrera– Gozategi plazan. Hain zuzen, bertan ikuskapen teknikoak egingo dituzte, 09:00etik 12:30era bitartean. Komisarioak ibilgailu guztiek segurtasun arauak betetzen dituztela egiaztatu ondoren hasiko da igoera.

Bestalde, antolatzaileek azpimarratu dute "araututako lekuetatik bakarrik" egongo dela proba ikusteko aukera, eta zinta guztiak "errespetatzea" eskatu dute, baita mendiak ere. "Ez da ezer kostatzen bakoitzak ekartzen duen zakarra jaso eta ontzira botatzea, denon artean lasterketa azkar eta polit bat izan dezagun".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide