Aia

Herriko gazteei ekintza eta proposamen berriak eskaini nahian

Julene Sorarrain 2025ko ots. 20a, 08:57

Aiako Gazte Asanblada. (utzitakoa)

Aiako Gazte Asanbladak zenbait jarduera antolatu ditu aurten ere herriko kaleak girotzeko asmoarekin. Dagoeneko hasi dira maiatzean egingo duten kinta arteko apustua prestatzen.

Aiako hainbat gaztek, ekintzak modu antolatuan egiteko eta herritar gazteei proposamen zabalagoa eskaintzeko asmoarekin, Aiako Gazte Asanblada sortu zuten duela hiru urte. Geroztik, hainbat jarduera antolatu ditu taldeak herriko kaleak girotzeko helburuarekin. "Aian eragile gutxi gara; beraz, elkarren artean laguntzen saiatzen gara. Azken finean, elkarren arteko babesa eskertzen dugu", azaldu du Naiara Iruretagoiena asanbladako kideak.

Aurtengo egitarauari dagokionez, duela pare bat aste jakinarazi zuen taldeak kinta arteko herri kirol apustua egingo dutela maiatzaren 17an. "Egun osorako egitaraua prestatu nahi dugu; apustuarekin hasiko gara, eta, ondoren, elkarrekin bazkalduko dugu". Aurretik, ordea, ekintza horiek antolatzeko bilerak egingo dituzte, eta, horretarako, mugimenduko kideek dei egin diete apustuan parte hartzeko asmoa dutenei bileretara ager daitezen. Lehenengo hitzordua atzo izan zen, eta asanbladak aurrerago zehaztuko ditu apustuaren inguruko xehetasunak.

Horrez gain, Txakolin Egunean eta Landare Berezien Azokan txosna bana jartzeko asmoa dutela ere aipatu dute, eta aurreko urteetan bezala, ez da faltako dagoeneko ohitura bilakatu den Gazte Eguna.

Asanblada 30 pertsonak osatzen dute, baina ekintzak prestatzeko garaian lauzpabost pertsona aritzen dira lanean. Hilabetean behin elkartzen dira Kultur Etxean, eta bertan zehazten dituzte urteari begira egingo dituzten jarduerak. "Hala eta guztiz ere, parte hartzaile kopurua handitu ala txikitu egiten da ekintzaren arabera. Esaterako, herriko jaiak gerturatzen ari direnean jende gehiago elkartzen gara, baina urtean zehar egiten ditugun jarduerak antolatzen jende gutxiago ibiltzen gara. Egia esan, kostatu egiten da neguan ekintzak egitea, jende gutxiagok parte hartzen duelako eta zaila delako beste herrietako jendea erakartzea", gehitu du Iruretagoienak.

Hiru urteko ibilbidean zehar, herritarren eta gazteen aldetik "denetariko erantzunak" jaso dituztela azaldu dute: "Ekintza jakin batzuk gure taldeari begira antolatzen ditugu, eta, ondorioz, ez dugu beti guk nahi dugun erantzuna jasotzen. Horrek, ordea, hausnarketa bat egitera eramaten gaitu. Bestalde, ondo funtzionatzen duten ekintzak ere egiten ditugu, eta horiek errepikatzen saiatzen gara".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide