2013an Zarautzen zabaldu zuen Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k (Aia, 1967) eskualdeko lehen harri eskola. Iruretagoiena bere auzoko festetan hasi zen harri jasotzen eta 35 urte inguru pasatu ditu plazaz plaza. Hasieran dezente sufritu zuela dio aiarrak: "Gaztea nintzenean ez zegoen eskolarik, eta harri jasotzaileren batengana jo behar zenuen ikasteko, baina jendeak ez zuen irakasteko ohiturarik". Hori horrela, plazako jarduna amaitzean, argi izan zuen eskola bat zabaldu nahi zuela gazteek ikasteko aukera izan zezaten. Ikasle kopuruak azken urteetan gora egin duela azpimarratu du. Horren erakusle da honako datu hau: eskola ireki zutenean hamar lagun aritzen ziren, eta gaur egun, 25 bat.
Joseba Ostolazak (Zestoa, 1973), berriz, 2015ean Aian zabaldu zuen harri jasotze eskola. 16 urterako, 200 kiloko harria altxatzen zuen Ostolazak, eta 47 urte bete arte aritu zen egiteko horretan. Zehazki, plazako jardunari joan zen irailaren 29an esan zion agur, Aizarnazabalen, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a-rekin batera. Ostolazak txapelketen ibilbideko azken urteetan jada buruan zebilkien eskolarekin hasteko ideia. Hasieratik zuen argi eskolaren helburua zein izango zen: "Gazteei lagundu nahi nien, harriaren mundura hurbildu nahi nituen". Aiako eskolan 14 urtetik 40 urtera bitarteko ikasleak aritzen dira gaur egun, 22 guztira; zaharrena Jokin Eizmendi da. Zestoarraren arabera, gorputzak berak agintzen du noiz arte jarraitu, baina lesioek ere badute beren pisua.
Entrenatzailearen papera betetzea, ordea, ez da "lan erraza" bien esanetan. Izeta II.aren hitzetan, baina, pazientzia handia behar izanagatik, ikasleen emaitzek "asebete" egiten dute. Hark dioenez, emaitzak lortzeko entrenatzen du jendea, eta horrek psikologia lantzea ere eskatzen duela aitortu du. Aitarekin aritu ohi da eskolan Odei Iruretagoiena Izeta IV.a (Zarautz, 1985): "Eskolara etortzen diren ikasle berriei harria nola jaso erakusten aritzen naiz, eta egiten dituzten akatsak zuzentzen ere bai". Ostolazak, bere aldetik, argi dauka aita zena, Agustin Ostolaza, bera baino entrenatzaile "gogorragoa" zela: "Lehengo entrenatzaileak gogorregiak ziren; gaur egun, denborei lotutako pikea egoten da, baina pike sanoa". Gogortasun hori albo batera utzita, zestoarraren arabera, talde giroa nabaritzen da bere eskolako entrenamenduetan: "Batak besteari animoak ematen dizkio, harriak prestatzen laguntzen diote elkarri…
Giro ona nabari da kirolarien artean". Izetatarrenean ere, lagun giroa da nagusi. Hala baieztatu du Maddi Gesalaga (Zarautz, 2008) harrijasotzaileak. Astero joaten da Izetaren eskolara, eta argi dauka hango kideak familia bat direla. Dena den, entrenamenduetan batera aritzen badira ere, txapelketetan elkarren aurka jarduten dute sarritan ikasleek. Gesalagaren hitzetan hori ez da igartzen, ordea: "Berdin zaigu entrenatzerakoan aldamenekoak guk baino gutxiago edo gehiago egiten duen. Lagunak gara eta lagundu egin behar diogu elkarri". Belaunaldiz belaunaldi igaro da izetatarren zein ostolazatarren etxeetan harri jasotzearekiko zaletasuna. Ondo gogoan dauka Udane Ostolazak (Orio, 2005) haurra zenean nola egoten zen aitona Agustin Ostolazaren argazkiei begira zein Joseba Ostolaza aitari jarraika plazarik plaza. Argi dauka familiako zaletasunagatik ez balitz, ez litzatekeela hasiko harri jasotzen, baina kirol horrek presentzia handia izan du oriotarraren bizitzan betidanik. Gainera, etorkizunean harriaren munduan lan egiteko asmoarekin ari da egiten ikasketak gaur egun. Txikitan bera bakarrik aritzen bazere ere, ahizpa Elene Ostolazak ere eman dio jarraipena etxeko zaletasunari: "Ez ditugu entrenamendu berberak egiten, baina asko laguntzen diogu elkarri".
Etxean ikusitakoari segika hasi zen Jakes Iruretagoiena Izeta V.a (Zarautz, 2008) ere harri jasotzen: "Etxean betidanik ikusi ditut herri kirolak. Pentsa, haurra nintzenean esnearen tetrabrikekin aritzen nintzen kirolariak imitatu nahian". Harri jasotzen zein aizkoran aritzen da Jakes, eta bi kiroletan zailtzen etxekoek asko lagundu diotela dio, behar izan duenean beti alboan izan dituela aitortu du. Bere aitak argi dauka, ordea, familia giroan aritzeak alde onak zein txarrak izan ohi dituela: "Harriek zein arropek beren kostua dute, eta horiek etxean izateak guztia errazten du". Gainera, senideen artean konfiantza handia dutela azpimarratu du, nahiz eta horrexegatik sarritan “errazago” haserretzea diren. Izeta II.ak azaldu duenez, baina, "ilusio" izugarria egiten dio semea zein biloba berak bizitzaren zati handi bat eskaini dion kirolean aritzeak, eta izetatarren jardunak "urte askotako" jarraipena izango duela ikustearekin pozarren da aiarra.
Eskolan hasteko arrazoiak bestelakoak izan dira zenbaitentzat. Gesalaga izetatarren eskolan aritzen da, aitonak bultzatuta hasi zenetik. Probatzera joan eta gustatu egin zitzaion jarduna, eta egun plazetan zein txapelketetan aritzen da. Estefania Etxebeste (Ituren, Nafarroa, 2002), berriz, ostolazatarrenean aritzen da: "Urtebetetze egun batean, Josebaren eskolan harria jasotzen probatzeko aukera oparitu zidaten lagunek, eta gustatu egin zitzaidanez, duela urtebete entrenatzen hasi nintzen". Iturendik Aiara ia ordubeteko bidea egiten du astean bitan, baina harentzat kirola barrenak husteko zein jende berria ezagutzeko modua dela adierazi du. Nafarroan harri jasotzen aritzeko zaletasunik ez dagoela azpimarratu du, batez ere, aizkoran aritzen direlako Ituren eta inguruetan. Hori dela eta, eskolara joan zen lehen aldian hainbeste lagun harri jasotzen ikusita "harrituta" geratu zela aitortu du.
Eskolan asko ikasten badute ere, ez da eskola orduetara mugatzen kirolarien entrenamendua zein gorputzaren zaintza. Eskoletan harria jasotzen irakasten diete, eta hortik aurrerakoak kirolarien esku geratzen dira. Ostolazak dioenez, eskolako jardunaz kanpo prestatzen denak, harria jasotzerakoan "hobekuntzak" sumatzen dituela esan du. Izan ere, kirolariek bestelako entrenamenduak ere egiten dituzte; korrika egitera edo gimnasiora joaten dira, esaterako. Gesalagak argi dauka plazara astean bi entrenamendu eginda irtetzea posible dela, baina hark dioenez, bestelako entrenamenduak egitea aldea sumatzen da.
Kirolaz gain, elikadura ere zaindu behar izaten dute kirolariek, nahiz eta hori ere norbere esku egoten den. Izeta IV.a-k dioenez, elikadura zaindu ezean "alferrik" da entrenatzea. Imanol Royok (Zarautz, 2004), esaterako, elikadura zaintzeko Paulo Azpiazurengana jo izan du: "Beharrezkoa da gorputzari behar duena ematea, entrenatzerakoan zein plazetan ondo erantzun dezan". Udane Ostolazak, aldiz, urtebete darama nutrizionista batengana joaten, ezin baitu pisua irabazi: "Garbi eta asko jatea gomendatu dit nutrizionistak".
Txapelketetan elkarren arerio bilakatzen badira ere, argi daukate laguntasuna horien gainetik dagoela. Laguntasuna zein talde izaera nabarmentzen dira bi eskoletako entrenamendu orduetan, animoak emateaz gain, kirolariek elkarri laguntzen baitiote une oro. Royoren esanetan, gogorrak izanagatik, astean bitan "gustura" joan ohi dira entrenatzera. Familia bat direla nabarmendu dute kirolariek, nahiz eta banakakako jardunak beldurrak ere azaleratu ohi dituen. Etxebestek aitortu duenez, txapelketetan jarduteak hasieran inpresioa egiten zion arren, entrenatzaileak plazan laguntzeak "lasaitasuna" ematen du.
Azken urteetan, gorakada handia izan du harri jasotzeak emakumeen artean, eta hori bi eskoletan nabaritu dute. Izetatarrenean, esaterako, eskola sortu zutenean ez zen emakumerik aritzen harri jasotzen. Hala azaldu du Izeta II.a-k: "Hasieran hamar bat lagun aritzen ginen, denok gizonak". Gaur egun, aldiz, entrenamendu orduak banatu egin behar izaten dituzte Izeta IV.a-ren arabera. Izan ere, lagun "gehiegi" dira elkarrekin aritzeko, eta harri mota desberdinak erabiltzen dituztenez, egun desberdinetan entrenatu ohi dute.
2021ean lehen aldiz, emakumeen Bi Harri txapelketa antolatu zuten Zarautzen. Lucia Orbe, Karmele Gisasola, Lur Errekondo eta Lierni Osa aritu ziren lehian. Izetatarren eskolaren sortzailea emakumeak parte hartzera animatu nahian aritu zen: "Eskubaloian aritzen ziren Lur Errekondo eta Lierni Osa, eta harri jasotze mundura bultzatu nituen". Bi horiek hainbat emakumeri ireki zioten bidea Izeta II.aren esanetan, eta crossfitean aritzen den emakume hainbat ere harria jasotzera animatu izan direla esan du.
Ostolazatarren eskola zabaldu zutenean, Idoia Etxeberria zein Udane Ostolaza aritzen ziren harri jasotzen. Ostolazak esan duenez, bera harri jasotzen hasi zen garaian emakume erreferente gutxi zituen: "Nire aita zein beste gizon asko ziren erreferente nagusiak orduan. Ordutik zerbait aldatu baldin bada, horixe da". Ostolaza II.a, bere emazte Miren Etxaberekin batera, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioan sartu zen buru-belarri. Kirol guztiei erreparatuta lan egin badute ere, haiek azaldu dutenez, batez ere nesken harri jasotzeari bultzada ematen saiatu dira: "Bi alaba zein harri eskola edukita, horren alde borrokatzea erabaki genuen, eta fruituak eman dituela esan dezakegu". Gaur egun, ostolazatarren eskolan aritzen dira, besteak beste, Olaia Esnaola eta Garazi Ansa.
Hasierako urratsak modu desberdinetan eman ohi dituzte harri jasotzaileek. Udane Ostolaza, esaterako, haurra zenean hasi zen plazetan harria jasotzen. Hark dioene, jendeari "arraroa" egiten zitzaion ume bat, neska gainera, plazan ikustea. Goizeder Abendibar (Mallabia, Bizkaia, 2008), aldiz, duela urtebete hasi zen harri jasotzen, eta aurretik plazarik plaza aritzen ziren emakumeen laguntza jaso duela azpimarratu du. Historikoki gizonak aritu diren arren, emakumeek ere plazan beren lekua lortu dutela esan du Gesalagak: "50 urtez ibili dira gizonak plazetan, eta gaur egun, ohikoa da emakumeek gizonek baino erakustaldi gehiago egitea". Hori horrela izanik, zarauztarrak esan du entzun izan dituela "orain beti neskak?" gisako komentarioak. Baina argi du: "Emakumeen momentua" da.
Entrenatzerakoan, gizonek eta emakumeek egiten dituzten prestakuntza lanak ez direla berberak esan dute Gesalagak zein Abendibarrek. Hori gorpuzkera zeharo desberdina dutelako dela zehaztu dute. Abendibarrek, gainera, emakumeen harri jasotzea oraindik "berria" dela adierazi du: "Haiseran ez zen erraza emakumeentzako entrenamenduak zehaztea; izan ere, 50 urtez gizonei zuzenduta aritu dira lanean. Oraindik ere, emakumeen limiteak zeintzuk diren ikasten ari gara; gizonak noraino irits daitezken badakigu, ostera". Pisuari dagokionez, adibidez, gizonen batez besteko pistua 100 kilo ingurukoa da; emakumeena, berriz, 60 kilo bueltakoa. Bi kirolarien esanetan, halaber, hormonek ere eragina izan ohi dute: "Guk berdintasuna nahi dugu, baina kontuan izan behar da emakumeak eta gizonak gorputzez desberdinak garela".
Harrobia eta etorkizuna
Emakumeen harri jasotzeak gorakada izan duen gisara, gazteen artean ere gorakada nabarmena izan du herri kirol horrek, eta hori argi islatzen da eskoletako ikasle kopuruan. Royok argi dauka harri jasotzen hasi izanak eragina izan duela bere inguruan: "Orain gertukoek gehiago jarraitzen dute harri jasotzea, eta erakustaldiak ikustera ere etortzen dira". Gainera, azken urteetan, harri jasotzea eskualdeko "gazte gehiagorengana" iritsi dela uste du zarauztarrak, eta horren arrazoi nagusitzat sare sozialak jarri ditu.
Sare sozialek, Instagramek esaterako, bere eskolari onura ugari ekarri dizkiola nabarmendu du Ostolaza II.ak, bere eskola Euskal Herrira ez ezik, mundura zabaltzea lortu duelako: "Jendeak bideoak ikusi egiten ditu, jakin-mina pizten zaio eta probatzera etorri ohi da". Hori horrela dela baieztatu du, Aiako eskolan Pakistango zein Errusiako bisitak jaso dituztela adierazita. Lehengo urtean, adibidez, munduko gizonik indartsuena, Martin Licis letoniarra, harria jasotzen probatzera joan zen ostolazatarrenera, eta hark 252 kiloko harria altxatu zuela adirazi du zestoarrak: "Oso indartsua zen, argi geratu zitzaidan titulu hori zergatik zeukan".
Bada bestela pentsatzen duenik ere. Izan ere, Izeta V.ak bere inguruan herri kirol zalea den gazte gutxi ikusten ditu: "Askotan ordaindu egin behar izaten da jaialdiak ikusteko, eta gazte askori ez zaie gustatzen hori". Abendibarrek 16 urte ditu, eta haren esanetan, bere inguruan gehien entzuten diren kirolak futbola edota saskibaloia dira.
Udanek argi dauka azken urteetan aurrerapauso handiak eman dituela harri jasotzeak: "Haurra nintzenean pentsatzen nuen heldu izatera iristen nintzenerako desagertuta egongo zela harri jasotzea. Dena den, egungo egoerari erreparatuz gero, garbia da etorkizuna izango duela". Bestalde, azken urteetan, harri jasotzeak "Gipuzkoako kirola" zela zirudien arren, Euskal Herrian zein munduan zabaldu egin dela argi du Udanek. Hain zuzen, oriotarra Zaragozan zein Valentzian ere aritu izan da harri jasotzen.
Zabalkude handia izan badu ere, Izeta IV.ak ez du hain argi ikusten mutilen harri jasotzearen etorkizuna zer-nolakoa izango den. Izan ere, mutil gazte "gutxi" sumatzen ditu beren atzean: "Eskoletan gabiltzan mutil gehientsuenak helduak gara, eta gazteen segidarik ez dagoela sumatzen dut". Hori horrela, "lana egin beharra" dagoela azpimarratu du zarauztarrak. Horrekin bat dator bere semea ere, bere adin tartean harri jasotzen aritzen diren kide gehienak emakumeak direlako. Hark adierazi duenez, hurrengo urtera begira, ez dakite kintopeko txapelketa egingo ote den, "oso harri jasotzaile gutxi" direlako.
Izeta II.ak esan duenez, etorkizuna badago, baina hori bermatzeak lana egitea eskatzen du: "Txapelketak zein erakustaldiak antolatzen jarraitu beharko lukete erakundeek, esaterako". Izan ere, haren aburuz, eskolako jardunean aritzen denarentzat "motibazioa" da plazak izatea. Horrez gain, eskolak martxan egotearen garrantzia azpimarratu du, horiek jendea bultzatzen baitute harria jasotzen hastera.
Eskualdeko bi eskolek elkarrekin eskaini zuten erakustaldia joan zen irailaren 29an, Aizarnazabalen. Izeta III.aren eta Ostolazaren azken plaza izan zen hura, eta bi eskoletako ikasleek ez ezik, beste 40 harri jasotzailek nahiz erretiratutako beste hainbatek parte hartu zuten hitzorduan. Ostolazak esan duenez, orduko hura ikusita "argi" geratu zen etorkizuna badagoela, eta eskolak ere hor daudela adierazi du hark. Gainera, bi eskolek herritarrentzat "ateak zabalik" dituzte entrenatzaileen esanetan. Abendibarrek argi dauka zer esango lieken eskolara joateko zalantzaz dauden horiei: "Probatzera etortzera animatuko nituzke denak, probatzeagatik ez baita ezer galtzen".