Zelatungo erromeriak

Aitziber Sarobe Egiguren 2024ko ira. 19a, 10:07

Etumeta ingurua erabat lokaztuta. (Aitziber Sarobe)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Gukako iritzi emaileak gaurko egunkariko Puntuka atalean.

Modan jarri dira, eta ez Rock kontzertuekin modernizatu duten musika eskaintzaren edota bertako bordetan eskaintzen den otorduen kalitatearen ondorioz, bakarrik. Iturriotzetik Herniorako bidea hamaika modutara dago ikusgai sare sozialetan, ibilbidearen irisgarritasunari eta bisten edertasunari esker, eta bide horretan Zelatun denez azken txanparen aurreko geldialdia, tontorrerako bidean salda edateko aukera arrazoi bikaina da konbentzitu ezin direnei azken bultzada emateko.

Iraila da Zelatungo erromeriez gozatzeko ohiko garaia. Aspalditik dira iraileko igandeak Hernioko egunak, lehena aiarrena (Iturriotzetik) eta azkena azpeitiarrena (Etumetatik). Aukera zabala usadioari muzin egiteko eguraldiaren aitzakia bilatzen dutenentzat ere, zaila baita iraileko igande guztietan eguraldi petrala egitea. Hala, pentsatzekoa da pasa den igandeko eguraldia egiten badu, jendetza bilduko dela datozen igandeetan ere.

Aurten, baina, susto ederra hartuko dute Etumetatik igotzeko asmoa dutenek ez badituzte oinetako egokiak eramaten: lokatzetan belaunetaraino sartuko da bat baino gehiago. Horregatik gomendioa: katiuskak edo orgatiletarainoko botak jantzi, zapatilak lokatzetan geldituko zaizkizue eta.

Txantxa dirudi, baina, zoritxarrez, errealitate gordina da. Mendibeltzen bueltako zuhaitz mozketekin egiten ari diren triskantzak erabat txikitu du bidea, demaseko lokaztia bihurtzeraino. Euri pittin bat nahikoa orgatiletaraino sartzeko!

EITBko hedabideetan gau eta egun entzungai dagoen iragarkiak aipatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren "basoen kudeaketa integralaren" adibide bikaina da Etumetatik Herniora bidean ikus daitekeena. Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuan –alegia, Natura 2000ko babesgune batean– halako triskantzak eragiten badituzte, zer ez dute egingo natur balioengatik babestu gabeko eremuetan!

Azken urteotan eztabaida eragin duen gaia da basogintza; baina ez, zoritxarrez, diru publikoak baldintzatutako jarduera izanik, interes orokorreko gaia delako, baizik eta pinudien krisiak Gipuzkoako paisaia erabat eraldatu duelako, urte osoan udazken koloreko zuhaiztiak ikusteraino. Horregatik da ongietorria Gipuzkoako Batzar nagusietan eztabaidatzen ari diren Gipuzkoako Lurraldeko Basogintzaren Egoerari eta Etorkizuneko Basogintza-Politikari Buruzko Ponentzia (aurkezpen guztiak ikusgai daude batzar orokorreko webgunean).

Ponentzia horretan parte hartzen ari diren eragileek basogintzari buruzko ikuspegi eta interes oso ezberdinak, zenbaitetan kontrajarriak, azaldu dituztenez, pentsatzekoa da Batzar Nagusietan eztabaida egongo dela "Etorkizuneko Basogintza-Politika" diseinatzerakoan. Baina, horretarako, ezinbestekoa da ulertzea basogintza ez dela egurgintza soila, eta ez dirudi administrazioa hori onartzeko prest dagoenik.

Izan ere, oraindaino egurraren ekoizpena izan da administrazioak sustatutako baso politikaren helburu nagusia, eta ez nolanahiko baldintzetan: monolaborantzan oinarritutako ustiapen eredu intentsiboa lehenetsi da, makinaria astuna mendietara eramateko pistak eta azpiegitura handiak eraikiz eta makinei errendimendu ahalik eta handiena ateratzeko, arraseko mozketa (matarrasa) bezalako teknikak baliatuz.

Egurgintza eredu horren ingurumen kalteak (lurraren higadura edota galera, biodibertsitatearen galdera, ubideen haustura...) ez dira neurtzen; are okerrago, ez dira diru laguntza publiko horietan kontuan hartzen, guztion diruarekin konpentsatzen ari diren krisiaren oinarrian badaude ere. Azken urteotan bolo-bolo ibili den pinudien eta eukalipto landaketen krisiak eragingo al du aldaketarik politika publikoetan?

Gipuzkoako Foru Aldundia da basogintza jardueraren kudeaketaren arduraduna; lehen sektoreko gainerako jarduera guztietan bezala, diru publikoaren erabilera arautzen duena. Bere esku dago basoen berreskurapena, bertako espezieen landaketa, aisialdia, gaztaindi edota onddoentzako azaleren emendioa eta abar lehenestea. Egurra ez baita zuhaiztiek eskain dezaketen lehengai edota zerbitzu bakarra.

Baina udalek ere badituzte erantzukizunak landa eremuan. Udalek ezartzen dituzte jarduera ekonomikoen araubideak lurralde antolaketaren baitako legediarekin, eta hortxe dute euren udal lurren ustiapen arduratsua, jasangarria bermatzeko tresna.

Administrazioena ez ezik, ordea, herritarrona ere bada gure ingurune naturala zaintzearen ardura, eta aukera bikaina daukagu aurten, aldundian ez ezik, Errezilgo udalean salatzeko Hernio-Gazumeko KBEan egiten ari diren txikizioa. Bada garaia gure mendietan monolaborantzan oinarritutako egurgintza intentsiboa debekatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide