Aroa Fernandez: "Ilusioa egin dit 50 gidoitatik nirea aukeratzeak"

Andrea Zipitria 2024ko abu. 1a, 08:00

(Utzitakoa)

Zinematik bizitzea zaila dela uste du Aroa Fernandezek (Aia, 1998), baina lehiati hasi du ibilbidea. Izan ere, gidoigile aiarrak irabazi du Euskal Autore Emakumeentzako Film Laburren I. Gidoi Lehiaketa. 50 gidoitik gora aurkeztu dituzte lehendabizikoz egin duten lehiaketara, eta aiarrarena izan da aukeratua. Gaur egun produkzioko laguntzaile lanetan dabil EITBn, eta amets bat du: "Lau-bost urtetik behin filmen bat sortzea". Uztaileko Aia Orio Guka aldizkariko Hitz Tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Euskal Autore Emakumeentzako Film Laburren I. Gidoi Lehiaketa irabazi duzu orain gutxi. Nolatan aurkeztu zinen lehiaketa horretara?

Hemen izeneko elkarteak antolatu du sariketa lehen aldiz, eta haiek eman zidaten lehiaketaren berri. Aspalditik banituen hainbat gidoi idatzita, eta haietako bat garatzeko izugarrizko gogoa nuen. Halaxe aurkeztu nintzen, eta ezustean hartu nuen finalistetako bat izango nintzenaren albistea.

Ez zenuen espero?

Ez. Caostica Nazioarteko Bideoklip eta Film Laburren Jaialdiaren programazioaren barruan izan zen sari banaketa, Bilboko Bilborock aretoan. Bertan ginen finalera iritsitako gidoilariak, eta nik uste nuen ondoan eserita neukan emakumeak irabaziko zuela. Bapatean nire izena entzun nuen, eta bihotzeko taupadak azkartu zitzaizkidan.

Jada asimilatu duzu?

Lasai nago orain, baina ilusio handia egin dit 50 gidoitik gora aurkeztu eta nirea aukeratu izanak. Finalisten artean egotea asko zen niretzat; orduan, pentsa irabazlea izatea zer den.

Nola oroitzen duzu saritua zu zinela jakin zenuen momentu hura?

Urduri jarri nintzen, baina, aldi berean, oso pozik. Oholtza gainera igo behar izan nuen oroigarria jasotzera, eta hitz batzuk esatera. Ez nekien zer esan; arnasa hartu eta eskerrak eman nizkien, noski. Halako errekonozimendu batek lanean jarraitzeko indarrak eman dizkit.

Aipatu duzu gidoia idatzita zenuela jada. Zein da film laburraren sinopsia?

Madrilgo Zinema Institutuan ikasi nuen, eta han nintzela idatzi nuen sariketara aurkeztu dudan gidoia, baina euskaratu ez izanaren penarekin geratu nintzen orduan. Garbi neukan noizbait egingo nuela, eta euskal umore tonua emango niola lanari. Komedia dramatiko-erromantikoa du oinarri lanak, eta izenburua Helduak gara da. Hauxe da sinopsia: Miren eta Xabi elkarrekin esnatzen dira azken horren etxean gaua elkarrekin igaro ondoren. Biek gelditu nahi dute, baina presio sozialaren ondorioz, Mirenek uste du berak etxetik alde egitea nahi duela Xabik, eta Xabik uste du Mirenek nahiago duela alde egitea. Hala ere, bietako inork ez du benetan elkarrengandik banandu nahi. Benetako desirak adierazi beharrean, besteak usteko eta esperoko duenaren arabera jokatuko dute.

Eta orain zer? Gidoiari irudia jarriko al diozu?

Gustatuko litzaidake. Nire asmoa da uda honetan Helduak gara gidoiaren dosierra egitea, eta ondoren aurkeztuko dut produkzio etxeetara. Ibilbide luzea egin behar da oraindik.

Maniarik ba al duzu gidoi bat egiterakoan?

Lan handia du gidoi bat idazteak, eta bertsioak ere asko egin behar izaten dira behin betikora iritsi aurretik. Horregatik, arbel moduko bat dut logelan, eta ohitura badut burura etortzen zaizkidan eszenak bertan apuntatzekoa. Baita gidoiekin organigrama egitekoa ere.

Film laburrak ala luzeak, zein dituzu nahiago?

Biak ditut gustuko. Oraingoz, film laburrak egiten bakarrik ikasi dut, baina bi luze ere idatzita ditut. Beharrezkotzat jotzen dut film luzeak egiten hasi aurretik laburrak egitea. Film luze bat egiteak lan gehiago du, eta beren xarma dute laburrek.

Ametsik?

Zinematik bizitzea ez, oso zaila delako, baina imajinatzen naiz lau-bost urtetik behin pelikula bat ateratzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide