Aharoa Zuloaga: "Harrigarria da zenbat erremedio dauden zapoen bidez garatxoak kentzeko"

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 9a, 08:00

Aharoa Zuloaga, sendabelarrei buruz idatzi duen liburuarekin. (Andrea Zipitria)

Aia-Orio Guka aldizkariaren ekaineko zenbakian, Sendabelarrak: aiarren ondare inmateriala liburuaz aritu da Aharoa Zuloaga aiarra Hitz tantak atalean.

Jakin-min handiko pertsona da Aharoa Zuloaga (Aia, 1989), eta horrek eraman zuen aurrena sendabelarrei buruzko erakusketa zabaltzera bere jaioterrian, eta ondoren, han hasitakoari tiraka, liburu bat ontzera: Sendabelarrak: aiarren ondare inmateriala. 40 orrialdeko liburuxka argitaratu du udalaren eskutik, eta aleak doan eskuragarri daude Kultur Etxean nahiz udaletxean. Liburuxkaren PDFa ere kaleratu du udalak –hemen dago eskuragarri–.

Liburua osatzeko, zuretzat garrantzitsua zen herritarrek informazioa ematea, eta urtebetez eduki dute horretarako aukera. Asko animatu al dira?

Ez pentsa; azkenean, ate joka neuk ibili behar izan nuen eta, hala ere, lekukotza gutxi batzuk lortu ahal izan ditut. Bestalde, Juan Garmendia Larrañaga antropologoak 1980an Aian egindako elkarrizketak abiapuntu hartuta hainbat informazio eskuratu ahal izan dut sendabelarrez; gauza oso kuriosoak ageri dira haren liburuetan.

Adibidez?

Bada, zapoen erabilera, batez ere garatxoentzat. Garai batean garatxo pila bat aterako zitzaion jendeari, harrigarria delako etxeko zenbat erremedio dauden zapoen bidez horiek kentzeko. Esaterako, harri azpian zapoa aurkituz gero, zapoa ohartu gabe haren inguruan ahalik eta buelta gehien ematea zen erremedioetako bat. Edo zapoa harrapatu, kaxa batean sartu, eta ohe azpian edukitzea.

Erremedioa baino gehiago, sineskeria dirudi horrek...

Bai, eta ganaduarekin ere egiten omen zuten. Elkarrizketetako bat Miguel Arrizabalaga aiarrari egin nion, eta hark esan zidan bere etxean zapoa sartzen zutela potoan, eta gaixo zegoen ganaduaren gainean zintzilikatzen zutela.

Aiar gehiagoren informazioa ere bildu duzu, ezta?

Bai, Evaristo Arrutik esandakoak ere bildu ditut zuek egindako artikulu batetik, eta Urdanetako Maria Peregrina Aristiren erreferentzia ere aurkitu nuen Ahotsak plataforman. Elkarrizketez aparte, bukaeran, herritar horiek aipatutako sendabelar guztiak alfabetikoki ordenatuta jarri ditut, ilustrazioekin.

Sendabelarrez Aian bertan jarri zenuen erakusketa da liburuaren jatorria, ezta?

Hori da. Handik hasi zen proiektua: erakusketara etorri ziren herritarretako batzuek beraiek zekitena kontatzen zuten, eta hori dena jasota gelditzea polita izango zela pentsatu genuen.

Zuk esandakoa da konturatu zinela ondare immaterial horren transmisioa etetear zegoela, jada etenda ez bazegoen. Liburuaren helburua jakinduria hori jasotzea da, ezta?

Bai. Esaterako, Gema Aurizenea herritarrak elkarrizketan esaten du berak ez zeukala inongo jakinduriarik sendabelarren inguruan, baina tiraka-tiraka, azkenean lortu nuen etxean ibiltzen zuten erremedio baten berri ematea; bakarra, baina berdin dio, horixe kontatzea zen kontua.

Liburuaz zer dio jendeak?

Oso harrera ona izaten ari da, egia esan. Dena den, argi utzi nahi dut hau ez dela liburu terapeutiko bat, herritarren ondarea jasotzeko egin den lan bat baizik. Hemen ez dute aurkituko landareekin egiteko erremedio bat ez dakit zer gaixotasun sendatzeko; horretarako badaude liburu aproposagoak.

Zeuk sendabelarrik erabiltzen al duzu?

Katarroarentzat infusioa hartzen ibili naiz orain ez asko. Erromeroa, tomilloa, menta... halako belar usaintsuekin nahasketa egin nuen. Otsailean, berriz, gripearekin eztarria erabat jota gelditu zitzaidan, eta orduan Garbiñe Larrearen errezeta bat erabili nuen. Orain intsusa loreak jasotzeko garaia da, eta horretan nabil [maiatz erdialdean].

Proiektu hau liburuarekin amaitu al da?

Ez. Herritarren bat prest balego sendabelarrei buruz dakiena kontatzeko, lasai joan dadila udaletxera. Liburuaren bigarren, hirugarren edo laugarren edizioak atera behar baditugu, aterako ditugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide