Ostiralaz gero, San Pedro festetan murgilduta daude Elkanoko bizilagunak. Egunotan hainbat jarduera eta ekitaldiz gozatzeko parada izan dute auzo elkartearen eta frontoiaren ingurumarian: haurrentzako jolasak, tortilla patata lehiaketa eta dastaketa, parrillada, erromeria eta auzo afaria, esaterako. Betiere, jai giro jator eta atseginean.
Gaur, igandea, auzoko festen azken eguna izango da, baina izango da zer ospaturik. Lehenik eta behin, meza 11:00 aldera, eta ondoren Gipuzkoako Kintopeko Harri-jasotze Txapelketa izango dute jokoan Jon Agirrek, Imanol Royo Lartain-ek eta Aratz Zubeldiak. Egunarekin amaitzeko, idi demak izango dira 18:00etan, Etxetxo, Matxain eta Etxaber Palaziorekin.