Altxa Zank Burua Aia taldea sortu dute guraso talde batek, seme-alabek izaten duten mugikorren erabilera okerra kezka iturri izanda. Miren Ros-en hitzaldietako batetik atera zen ideia: "Guraso Elkarteak antolatuta, Miren Ros adituarekin hitzaldi bat eduki genuen eskolan. Horren amaieran, adin ezberdinetako haurrak ditugun guraso talde bat animatu ginen, gure seme-alabak babeste aldera, taldea sortzera", zehaztu dute.
Gaur-gaurkoz zortzi laguneko taldea biltzen da hilabetean behin, teknologiak haurrengan duen eraginaz kezkatuta, eta asmoa da "komunitate" bat sortzea. Horretarako, abiatu dute eskaera formal bat udaletxean, eta "erantzunaren zain" daudela aurreratu dute.
Helburu hirukoitza du taldeak. Lehenengo asmoa da haurrek sakeleko telefonoa ahalik eta beranduen eskuratzea. "Iruditzen zaigulako eta hala baieztatzen dutelako egin diren ikerketak, neuralki ez daudela prest gazteak erabilera zuzen bat emateko. Horrekin batera, egin diren ikerketa askok adierazten dute arazo handiak ematen dituela erabilera oker batek. Hala nola, arazo kognitiboak, atentzio arazoak, bista arazoak, bazterketak taldeetan...", zehaztu dute. Bigarrenik, gurasoak formatzea nahi dute sakeleko telefonoaren erabilera zuzen bat egiteko. Bai beraiek eredu moduan, bai beraien seme-alaben etorkizunera begira arazoak ekiditeko. Hirugarrena izango litzateke "lehen bi helburuak bideratzea osasun mental arazoak etorkizun motzean gerta ez daitezen, gaur egun gertatzen ari diren moduan", esan dute.
Ildo beretik, garbi utzi nahi izan dute ez daudela teknologien aurka, baizik eta "gizartea formatzea" falta dela uste dute. Teknologia "gelditzeko" etorri delako, eta "erabilgarria izan daitekeelako modu kontziente eta eraginkor batean erabilita".
Altxa Burua Gipuzkoa plataformaren barruan dago Aiako taldea ere, beste 52 talderekin batera. "Gure herrirako egokiak ikusten ditugun gauzak ekarriko ditugu gurera eta moldatuko ditugu gure errealitatera", adierazi dute. Herrian mugikorraren inguruko araudi bateratu bat jartzearen aldeko diren galdetzean, erantzun dute, arau bat jartzea baino, hitza, "kontzientziazioa" dela. Kezka bera duten gurasoei dei egiten diete, taldera batu eta hausnarketa egiteko. Kontakturako helbidea honakoa da: altxazankburuaia@gmail.com.