"Idia herriko tradizioaren parte" izan dela dio Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak. "Herri kirolen katedrala bezala ezagutu izan da gure herria, urte askotan zehar idi proba asko eduki ditugu; orain bi txapelketa izaten dira urtean, eta gaur egun gauza askotarako erabiltzen bada ere, probalekua idi probetarako bakarrik erabiltzen zen sorreran". Hortik abiatuta jaio da Idi festa. Hilaren 18an, larunbatarekin, ospatuko dute lehen aldiz.
Ideia orain arteko Asentzio feriatik dator. 60-70 hamarkada artean ospatu izan zen Asentzio feria Aian. Gero, galdu ere egin zen, eta duela 40 urte inguru berreskuratu zuten. Dena dela azken urteetan "norabidea galduta" zuen festak, eta "2023an ez egitea eta azokan inguruan hausnartzea erabaki zen". Azken urtean eehen sektorearekin eta herriko eragile ezberdinekin bildu da udala, eta gaia aztertu ondoren argi zuten "idiak izan behar zuela protagonista".
Festak helburu bikoitza du. Alde batetik, "idiak gure inguruan duen garrantzia balioan jartzea". Bestetik, "tatxa negatiboa jarri zaio idiaren munduari, gaizki tratatu den animalia izan delaren ustea zabaldu da, eta ez da hala". Horregatik guztiagatik, "animalia honek atzetik duen guztia ezagutarazteaz gain, festa duin bat egingo da", azaldu du Azpirozek.
Dudarik gabe idia izango da protagonista. Idi erakustaldi batekin hasiko dute eguna. Hain zuzen ere, 60 idi baino gehiago elkartuko dituzte herrian, "Euskal Herri mailan ez dut uste horrelako ezer egitera heldu denik". Gipuzkoarrak izango dira gehientsuenak, baina Bizkaiatik eta Arabatik ere iritsiko dira.
Gastronomia zaleentzat, bazkaria egingo dute 14:30ean frontoian. Tiketak eskuragarri daude dagoeneko Iturriozena tabernan edota 943-13 11 44 telefono zenbakira deituta. Idiaren Eguna izanik, bazkariaren menuan presentzia izango du idiak. Ondorengoa izango da menua: idi txistorra; idi zezina; idi kroketa; idi sahieskia: idi txuleta, entsaladarekin eta patata frijituekin; arroz esnea eta txokolate kroketa. Ogia eta edaria prezioaren barruan daude.
Festa egun osokoa izango da. Hona hemen egitaraua osorik:
Egitarua:
- 11:00etan, artisau azoka herriko plazan
- Goizean zehar, idi erakustaldia
- Goizean zehar, idi-parea gurdiarekin herritik barrena gaztetxoentzat
- 13:00etan, idi-proba erakustaldia kantabriar erara
- 14:30ean, bazkaria.
- 17:30ean, idiaren munduari buruzko solasaldia eta proiekzioa, Mario Nogueira eta Iñaki Olidenen eskutik.
- 19:30ean, idi pintxo dastaketa
- Jarraian, erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin
"Dagokien lekua emango zaie idiei"
Iosu Lizaso izango da Idi festan parte hartuko duen kideetako bat. Duela bi urtetatik ditu bi idi pare baserrian, animaliak gustuko dituelako. Gogoan du Bizkaiatik ekarri zituela, eta bi idi edukitzeak lana suposatzen duen galdetzean, argi du: "idiak asko zaindu beharreko animaliak dira, bai jan aldetik, bai garbitasun aldetik; mimatuak dira".
Festa "garrantzitsua" izango da Lizasoren hitzetan, "idi mundua ustez itsusitasunez ikusten baita; eta irudi hori garbitzeko aukera ederra izango da. Dagokien lekua emango zaie idiei".