Aiako Udalak, Xatur Gaztelekuak eta Iturraran parketxeak, elkarlanean hiru tailer eskainiko dituzte datozen hiru igandetan, 10:30ean hasita. Guztiak Iturraranen izango dira, baina parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez Aiako Kultur Etxean. Saio bakoitzak bi euroko prezioa izango du, pertsonako.
Igande honetan, Eskua bete ore Iturraranen izenburupean, garai batean ogia nola egiten zuten erakutsiko da. HH2ko eta LH1eko haurrei zuzendutako ekimena da, eta bertan parte hartzen dutenek Agorregin ogia egiteko erabili izan ohi diren zerealak ikusi, oreari forma eman eta dastatzeko aukera izango dute.
Hilaren 19an, Galdutako erlearen bila jolasa egiteko aukera izango dute LH2tik LH6ra bitarteko gaztetxoek. Erleen mundua ezagutuko dute, jolas bidez. Horretarako, talde txikitan banatuko dira, eta mapa baten laguntzaz, lorategi botanikoan barrena ibiliko dira. Gainera, amaieran, erlategi batera joan eta erlauntza bat irekiko dute, intsektu horiek abarasketan egiten duten lana ikusi eta ezagutzeko.
Hilaren 26an, izango da hirugarren eta azken tailerra. Kasu horretan, Altxorraren bila egingo dute –DBHko ikasleei zuzendua–. Jarduerak GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak prestatutako orientazio zirkuitu bat izango du oinarrian, eta helburua izango da "jolasaren bidez naturan orientatzen ikastea eta inguruan duguna ezagutzea".
Edozein kasutan, adin txikiko haurrek heldu batekin joan beharko dutela adierazi du Aiako Udalak.