Hainbat jarduera izango dira Aste Santuan Iturraran Parketxean

Andrea Zipitria 2024ko mar. 27a, 16:00

Galdutako erlearen bila eta Altxorraren bila orientazio jolasak izango dira egunotan, Iturraran parketxean. Halaber, Agorregiko burdinolara eta errotetara bisita gidatuak egiteko aukera egongo da. Jardueretan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita.

Aste Santuko egunetarako jarduera ugari antolatu dituzte Iturraran Parketxean. Ostiralean eta igandean erleez zertxobait gehiago ikasteko aukera izango da, Galdutako erlearen bila orientazio jolasa egingo dute. Mapa baten laguntzaz, parte hartzaileak lorategi botanikoan barrena ibiliko dira. Gainera, amaieran, erletegi batera joan eta erlauntza bat irekiko dute, intsektu horiek abarasketan egiten duten lana ikusi eta ezagutzeko. Antolatzaileek azaldu dute erleak "behar beharrezkoak" direla ekosistemetan, eta haien inguruan ikastea da jolas honen helburua, "ezagutzen den heinean zaintzen dugulako gure ingurua". Parte hartzen duten guztiek etxera oparitxo bat emango dutela ere aurreratu dute.

Helduek sei euro ordaindu beharko dute, eta 3 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoek, lau euro.

Agorregiko burdinolara eta errotetara bisita gidatuak

Kultura eta natura uztartzeko aukera aproposa eskainiko dute baita ere egunotan.  Agorregiko burdinola eta errotak gida baten laguntzaz bisitatzeko eta funtzionamenduan ikusteko aukera izango da. Igande eta jaiegun guztietan eskaintzen dute aukera hori, eta bihartik astelehenera, jaiegunak izanik, egunero izango da aukera. 

Doakoak izango dira bisitak, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko aukera egongo da: euskaraz 11:15ean hasita, eta gaztelaniaz 12:00etan hasita.

Altxorraren bila orientazio jolasa

Hirugarren eta azken aukera izango da Altxorraren bila. Orientazio mapa baten laguntzaz lorategian zehar kokatuta egongo diren balizak topatu beharko dituzte bisitariek, eta parte hartzen duten bitartean naturako zenbait gairi buruzko galdera erantzun beharko dituzte altxorra bilatu ahal izateko. 

Prezioari dagokionean, helduek bost euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek, berriz, hiru.

Izen-ematea

Edozein kasutan, jardueren inguruko informazio gehiago behar duenak zein parte hartzeko izena eman nahi duenak 943-83 53 89 telefono zenbakira dei dezake, edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide