Aiako udalekuetan begirale izateko deialdia egin du udalak

Andrea Zipitria 2024ko mar. 29a, 14:30

Apirilaren 5era arte izango da aukera izena emateko, udaletxean bertan. Bete beharreko baldintzetako batzuk izango dira 18 urtetik gora izatea edota euskaraz jakitea. Aiarrek, gainera, lehentasuna izango dute aukeraketan.

Uztailaren 1etik 30era, 2008tik 2021era bitartean jaiotako umeen eta gaztetxoentzat udaleku irekiak ­antolatuko ditu Aiako Udalak, eta horietan begirale gisa jardungo dutenak hautatzeko deialdia egin du. Begiraleek bi baldintza bete beharko dituzte ezinbestean: 18 urtetik gora izatea edo 18 urte aurten betetzea eta euskaraz jakitea.
 
Horrez gain, beste hainbat ezaugarri izango dituzte kontuan:

1. Begirale titulua izatea 6 puntu
2. Eusko Jaurlaritzak homologatutako eskolak: 6 puntu
3. Beste eskolak: 4 puntu
4. Zuzendari titulua izatea (2 puntu)
5. Hezkuntzarekin zer ikusia duten ikasketak izatea (3 puntu)
6. Hezkuntzarekin zer ikusia duten ikasketak burutzen aritzea 0,5
7. Lan esperientzia urtea bakoitza puntu 1 (5 puntu gehienez)
• Asialdiko begirale ludoteka edo gaztelekuetan
• kirol begirale eskola kiroletan.
8. Udaleku itxi eta irekietan hamabostaldi bakoitza 0,5 puntu.Gehienez ere 3 puntu.
9. Aiarra izatea (5 puntu)
10. Aiako udalak sustatutako kultur- kirol aisialdi zerbitzuan Begirale moduan lanean egon izana (8 puntu)
 
Interesdunek curriculuma eta egiaztagiriak Aiako udaletxean aurkeztu beharko dituzte. Esteka honetan eskuragarri daude eskaera orria eta deialdiko oinarriak. Epea apirilaren 5ean, 14:00etan amaituko da. Udalak argi utzi duenez, ez dute epez kanpoko izen-ematerik onartuko. Behin behineko zerrenda apirilaren 20an Aiako webgunean argitaratuko da. Ondoren, zazpi laneguneko epea zabalduko da erreklamazioak aurkezteko. Behin erreklamazioak erantzunda, behin betiko zerrenda argitaratuko da Aiako web orrian.
 
Deialdiaren inguruko informazio gehiago eskuratu daiteke 943 13 11 44 telefono zenbakira deituta edo aia@aia.eus helbide elektronikora idatzita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide