Jakin-mina kosta ahala kosta

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 24a, 12:30

Itziar Etxaniz Kostan elkarteko presidentea eta Koro Ondarra bazkidea. (Jabi Gonzalez Toston)

Inoizko bazkide kopuru handiena du 2007an sortutako Kostan elkarteak. Hori, ordea, ospakizunerako arrazoia baino, kezka bilakatu da zuzendaritzarentzat.

Garai oparoa bizi du Kostan elkarteak bazkide kopuru aldetik. 50 urtetik gorako herritarrei zuzendutako formakuntza saioak eskaintzeko helburuarekin taldea sortu zutenean –2007ko maiatzean– hamabi ziren, eta 167 dira, gaur egun; inoizko gehien. Hori, ordea, buruhauste bilakatu da zuzendaritza batzordeko kideentzat azkenaldian; izan ere, uste dute iritsiko dela bazkideren bat ekintzaren batetik kanpo utzi beharko duten unea, edukiera faltagatik.

Zentzu horretan, Itziar Etxaniz Kostan elkarteko presidenteak eta Koro Ondarra bazkideak azaldu dute ostegunero Antoniano aretoan egiten dituzten saioek sortzen dietela kezkarik handiena: "Hainbeste garenez eta kopuruak gora egiten jarraitzen duenez, antolatzen ditugun hitzaldiak itxiak dira, bazkideei zuzendutakoak soilik. Arazoa da Antonianon sartzen den ikusle kopurua baino handiagoa dela ditugun bazkideena. Egia da oraindik ez zaigula gertatu bazkide guztiek hitzaldi berera etorri nahi izatea, baina gertatuko balitz, denek ezingo lukete sartu".

Elkarteko presidentearen esanetan, astearteetako saioetan ez dute arazo hori izaten: "Modelon egiten ditugu, eta handiagoa da bertako edukiera. Horregatik, gure nahia da Modelo beti erabili ahal izatea, baina ez dago gure esku". Ahalegin horretan, lortu dute, astearteetako saioez gain, bost ostegunetan aretoa haien eskura izatea ikasturte honetan.

Edukierari lotuta, era berean, Santa Klarako proiektuari adi daudela diote: "Oraindik ez dakigu zenbat lagun hartzeko gaitasuna izango duen, baina esaten dutenaren arabera, kultur jardueretara bideratuko dutenez, espero dugu gure taldea ere aintzat hartzea", adierazi du Etxanizek, eta argudiatu du "62 hitzaldi" antolatzen dituztela ikasturtero. Ildo beretik, Ondarrak zehaztu du udalarekin izan dituzten bileretan jada adierazi diotela interesa azpiegitura erabiltzeko prest dagoenean.

Hitzaldiak baino gehiago

Kostan elkartearen hitzaldi zikloa urrian hasi eta maiatza amaitu artekoa izaten da. Astean bitan egiten dituzte saioak, eta irailerako itxita izaten dute egutegi osoa. Horren harira, azaldu dute ikasturte batetik bestera hainbat hitzaldi errepikatzen dituztela harrera ona izan badute, baina proposamen berriak ere izaten direla, noski. Orotariko gaiak lantzen dituzte, gainera, duten jakin-mina handia baita. Hain justu, hura asetzea da elkartearen xede nagusia. Hala dio haren leloak berak ere: Inoiz ez da berandu ikasteko!

Dena den, hitzaldiak ez dira jakintza zabaltzeko Kostan elkarteak antolatzen dituen jarduera bakarrak. Ikasturte honetan, esaterako, oinarrizko sorospen ikastaroa egingo dute UKUE Urola Kostako Udalen Elkartearen egoitzan, eta ibilaldiak ere antolatu izan dituzte inoiz: "Inguruko parajeetara goiz bueltak izaten dira normalean. Hitzordua jartzen dugu, eta garraio publikoan mugitzen gara. Hala, zein tren edo autobus hartuko dugun jakinarazten dugu, eta nahi duena azaltzen da". Zentzu horretan, Ondarrak dio, jakin-mina asetzearekin batera, elkartearen helburu nagusietako bat dela "jubilatuei sozializatzeko bitartekoak eskaintzea".

Horrez gain, antolaketa lan handiagoa eskatzen duten irteerak egiten dituzte hainbat asteazkenetan. Azken horiek, dena den, ikasturteko programaziotik kanpokoak izaten dira, eta, horregatik, ez dira egutegian jasota egoten. Parte hartu nahi dutenek 105 euroko urteko kuotatik aparte ordaindu behar izaten dituzte, gainera. Hala ere, elkarteak diruz laguntzen ditu merkeagoak izan daitezen.

Irteera horiei lotuta, elkarteko bi kideek aitortu dute beldur direla, bazkide kopuruaren gorakadak arlo horretan ere arazoak ekar ditzakeelako: "Antolatutako irteerak bisita gidatuak izaten dira askotan. Autobusa kontratatzen dugu, eta bazkaria ere barnean sartzen da. Horregatik, autobus bakarra betetzen dugu. Azken finean, talde handiegia izanez gero, ezinezkoa da zenbait jarduera egitea. Halaber, dena antolatuta dagoenez eta oso erosoa denez, bazkide askok parte hartu nahi izaten dute ekintzetan".

Pandemia osteko gorakada

Etxanizek eta Ondarrak azaldu dutenez, bazkide gehienak zarauztarrak diren arren, Aiako, Getariako, Orioko eta Zumaiako asko daude, baita Usurbilgo hiru lagun ere. COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren hasi zen gorakada: "Hitzaldiak aurrez aurre eskaini ezin genituenez, streaminga jarri genuen martxan, eta jende askok jarraitu zituen. Pandemia amaitutakoan bazkidetza berriak egiten hasi ziren, eta bi urteko epean ehun bazkide gehiago izatera igaro gara. Gaur egun ere eusten diogu streamingari eta hainbat bazkidek hala jarraitzen dituzte saioak oraindik. Kostan elkartearen aurrekaria izan zen 2004ko Mugabe taldea bultzatu zuen Maria Jesus Tomas, adibidez".

Ondarra, hain justu, pandemia ondoren animatu zen bazkideetako bat da, 2021ean batu zen, eta martxoko batzar orokorrean zuzendaritza batzordeko kide izatera pasatuko da ofizialki. Nolanahi ere, aspalditik ari da ardura horiek betetzen. Hala, hasi da bazkidetza olatuari aurre nola egin aztertzen: "Ez dugu arrakastaz ito nahi. Horregatik, iristen zaizkigun eskaera berriei erantzuten ari gara, esanez datorren ikasturtera arte itxaron beharko dutela izena emateko. Dena den, haien izenak gordetzen ari gara. Horrez gain, estatutuak aldatu gabe barne araudia eguneratzeko asmoa dugu. Bazkidetza berriak egiteko irizpideak zehaztu nahi ditugu horrela".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide