Aiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuarekin bildu da gaur goizean herrian, erakundeen arteko lankidetzan aurrera egiteko, eta udalerriko mugikortasunari eta turismoari buruzko gaiak jorratu dituzte.
Bertan aztertu da Lurraldebusek herrian eskaintzen duen zerbitzuan eta inguruko udalerriekin dituen loturetan aldaketa batzuk egitea, batez ere Zarautz eta Oriorekin, herritarrek planteatzen dituzten beharretara hobeto egokitzeko. Halaber, asteburuetan gaueko zerbitzua handitzeko aukera mahai gainean jarri da: "Foru Aldundiaren zein udalaren helburua da gazteek garraio publikoko zerbitzu bat izatea etxera modu seguruan itzul daitezen eta ibilgailu partikularraren erabilera murriztu dezaten", zehaztu dute ohar baten bidez.
Ildo beretik, udalak konpromisoa hartu du foru aldundiari autobus ordutegien eta geralekuen katalogoaren planteamendu berria helarazteko, "zerbitzua inguruko bizilagunei hobeto egokitzeko".
Turismoa
Bileran hizpide izan dute baita ere herriko promozio turistikoa. Jon Ander Azpiroz alkateak azpimarratu du Aia dela "nekazalturismo gehien dituen Gipuzkoako udalerria". Gainera, "erakargarri turistiko ugari ditu, hala nola Pagoeta parke naturala, Agorregiko burdinola eta errotak eta Iturraran Lorategi Botanikoa, besteak beste". Horregatik, bi erakundeek erakargarritasun horiek sustatzeko modua aztertuko dute, lurraldeko turismo fluxuen banaketa orekatuagoan aurrera egiten jarraitzeko.