Jai giroan murgiltzeko, azoka

Andrea Zipitria 2023ko abe. 14a, 11:00

Aiako Udalak Gabonetako azoka antolatu du aurten lehen aldiz. Larunbatean izango da, probalekuan. Bertako merkatarien hemezortzi postuk osatuko dute azoka.

Aiako Udalak Gabonetako azoka antolatu du lehen aldiz, Eguberrietako egitarauaren barruan. Larunbat honetan egingo dute, probalekuan; bailarako artisauak, janari postuak eta artistak izango dira, 16:30etik 20:30era bitartean.

Miriam Sarasola alkateordeak nabarmendu duenez, "denetik eta denentzat" eskainiko dute azokan. Lehen aldiz antolatu dute, inguruko merkatarien lana "balioesteko" eta bertako merkataritza "indartzeko" asmotan. "Inguruko herrietan halako azokak egiten zirela ikusi genuen, eta gure herrira ekartzea pentsatu dugu", azaldu du. 

Horrela, bertara gerturatzen diren herritarrek aukera izango dute bitxiak, kremak, jostailuak, arropa eta osagarriak, diskoak edota Euskal Herrian eginiko gaztak erosteko.

Udaleko ordezkariek aurreratu dutenez, hemezortzi postu izango dira guztira. Honakoek osatuko dute azoka: Apain bitxiak; Sojo Natura; Sualma; Ione Iruretagoiena; Ural; Desennlace; Neran Nere Eran; Amali Jolas; Norte Bitxiak; Txokosfera; Balerdipeko erleak; Itsaso; Txirikorda; Soia; Intza Unanue; Lama The Lab; Abatza eta Basoberry eztia.

Gabon giroa sortzeko, bestalde, azokak irauten duen bitartean, zuzeneko musika ere izango da. Hain zuzen ere, Lady Varrot taldeak hartuko du probalekua. Arratsaldez, baita ere, haur zein gaztetxoek tailerrez gozatzeko aukera izango dute eurentzat antolatutako saioetan.

 

Zuhaitzaren apainketa

Gabonen bueltan egingo duten bigarren ekintza izango da azoka, aurrez, bihar, herriko plazan jarriko duten zuhaitza apainduko baitute, 16:30etik aurrera. "Herriko haurrek zuhaitzerako apaingarriak egiteko aukera izango dute arratsaldean plazaren inguruan, eta horiek guztiak jarriko ditugu zuhaitzetik zintzilik", adierazi du Sarasolak. Zuhaitzaren inguruko xehetasunak ere eman ditu: "Bost metro inguru ditu, eta Pagoetako parke naturaletik ekarri dugu". 

Apaindu ondoren, Gabonetako argiak piztuko dituzte. Apaingarriak orain artekoen "antzekoak" izango dira, aldaketa handirik gabe. Berrikuntza gisa, aurten Goiz-Argi adinekoen egoitzari Gabon kutsua emango diote, eta kanpoaldean argiak jartzeaz gain, barruan jaiotza eta apaingarriak ere ipiniko dituzte. Ekintza hori Xatur gaztelekuarekin elkarlanean egingo dute. "Herriko eragile ezberdinekin harremanak indartzea da udalaren asmoa, eta horren adibide da egitasmoa", borobildu du.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide