Udal tasa eta zerga gehienak bere horretan mantenduko ditu Aiak

Andrea Zipitria 2023ko aza. 3a, 14:30

2024ko ordenantza fiskaletan, aldaketa nagusiak dira hutsik dauden etxebizitzei %50eko gainkarga ezarriko diela udalak eta Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen gaineko Zerga %3 igoko duela. 

Pasa den astean udalbatzarra egin zuen Aiako udalbatzak, eta datorren urteko ordenantza fiskalak onartu zituzten EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin –ABBko zinegotzia abstenitu egin zen–. Oro har, mantendu egingo dituzte aurtengo kopuruak. Aldaketa nagusiak etxe hutsei dagokien errekarguan, Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen gaineko Zergan eta hobarietan izango dira.

Etxe hutsen errekarguari lotuta, %50eko gainkarga erantsiko zaie. Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen gaineko Zerga, berriz, %3 igoko dute, 2014tik bere horretan izan baita.

Hobariak, berriz, familia unitate kopuruaren eta diru sarreren arabera izango dituzte musika eta kirol ikastaroetan, baita igerilekuko kuota ordaintzerakoan ere. Desgaitasun funtzionala duten pertsonen kasuan, azterketa partikularrak egingo dituzte, eta oniritzia jasota, gehienez ere %50eko hobaria aplikatuko da. Halaber, zerbitzu sozialetako arduradunaren txostenaren arabera, pertsona baten integraziorako bidean zerbitzuaren erabilera beharrezkotzat jotzen bada, %100eko hobaria jaso lezake. Ildo beretik udalak gogorazi du bi hobari batera ez direla aplikagarriak izango; kasu horietan, onuragarriena aplikatuko da.

Hona hemen udalak aplikatuko dituen hobariak familia unitate kopuruaren eta lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera:

Familia unitatearen kide-kopurua LSM edo gutxiago LSM +%10 LSM +%20 LSM +%30 LSM +%40 LSM +%50 LSM +%60
1-2 %90 %75 %50 %25      
3 %90 %90 %75 %50 %25    
4 %95 %90 %90 %75 %50 %25  
5 %95 %90 %90 %90 %75 %50 %25
6 %95 %90 %90 %90 %90 %75 %50
7 edo gehiago %95 %90 %90 %90 %90 %90 %75

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide